Kutxa Kultur Hiriak Erdialdeko kaleak "eraldatuko" ditu
Uztailaren 12an eta 13an egingo dute ekitaldia, eta 130 artista baino gehiago elkartuko dira.
Egitarauaren xehetasunak gaur goizean azaldu dituzte antolatzaileek hedabideen aurrean egindako agerrialdian. Izan ere, ekitaldia uztailaren 12an eta 13an egingo dute eta Erdialdeko kaleetan 130 artista baino gehiago bilduko dira.
“Hiria eraldatzen leloari jarraituz, gure helburua eremu ireki bat eraikitzea da eta kalea topagune bihurtzea. Hiria eraldatu nahi dugu, eta horretarako hiritarrak mugiarazi nahi ditugu kale ezberdinetan zehar; azken batean, asteburu desberdin bat sortu”, esan du Kutxa Kultur Hiriko arduradun Maider Olivak. Era berean, indibidualismoaren aurrean, zenbait balio indartu nahi dituztela adierazi du: elkartasuna, integrazioa, ingurumenarekiko errespetua, aisia osasuntsua, eta lankidetza, besteak beste. “Oso garrantzitsua da jendeak kalera atera eta egiten duena aurkeztea”, erantsi du Kutxa Kultur Hiriko koordinatzaile Sergio Cruzadok.
Programari dagokionez, jarduerak hiru gune desberdinetan banatuko dituzte: musika (Gipuzkoa plazan), artea (Loiola kalean, bereziki), eta lantegiak (Txurruka eta Loiola kalean). Lantegi eta jolasen bidez, esaterako, baratze bat eraikiko dute, baratze zaintza ekologikoa hedatu eta bultzatu nahian eta bertako baserritarren lana balioan jarriz. Diseinu eta arte independenteko zein bigarren eskuko merkatua ere egingo dute; eta Basmatti edota Mery May bezalako abeslariek kontzertua eskainiko dute.
Bisita gidatu berezia
Kutxa Kultur Hirian egingo dituzten jarduera guztiak ezagutzeko hamaika modu daude, baina aurten, bisita berezi bat egongo da jarduera horien barruan. Izan ere, Bizi-bizi bisita gidatuak ordu beteko ibilaldi turistiko egiteko parada izango dute hiritarrek. “Zentzumen guztiekin ekitaldi honetako proposamenak hurbiletik, barrutik eta kanpotik, eta goitik behera dastatzeko aukera izango dute”, adierazi dute antolatzaileek.
Bisita gidatuan parte hartzeko, izena ematea beharrezkoa da, partaide kopurua mugatua delako. Hortaz, interesa duen edonork idatz dezala gizartekutxa@kutxafundazioa.es helbidera.
[box]
KUTXA KULTUR HIRIA 2014 (Uztailak 12-13)
AGERTOKIA. MUSIKA. KLUBA BALITZ BEZALAKO HIRIA (Gipuzkoa plaza)
Larunbata 12
Aurreko urteetako arrakasta ikusita, Kutxa Kultur Hiria hirugarren urtez egingo dute. Musika, antzerkia, moda, tailerrak, dantza… diziplina ugari izango ditu aurtengo ekitaldiak.
- 12:00-13:00. Luke Armstrong.
- 13:15-14:15. Frank.
- 18:30-19:30. Chase the Mayhem.
- 20:00-21:00. Basmatti & Vidaur.
- 12:00-13:00. Indigo.
- 13:15-14:15. Mery May.
- 18:00-19:00. Hyedra.
- 19:00-20:00. The Animal Within.
- 12:00. Izaskun Lapaza (dantza) + Iñaki Santos (musika).
- 12:30 / 13:00 / 18:00 / 19:00 / 20:00. Pez Limno. Antzerkia.
- 17:00. Arantza Iglesias. Dantza.
- 12:00. Imanol Espinao. Las Ecoaventuras de Don Quijote de la Playa. Antzerkia.
- 17:00. Somos. Pequeño payaso dictador. Performance.
- 19:00. Anogusano + Jon Zumelaga + Paolo di Gianvincenzo. A pan y agua. Antzerkia.
- Diseinu eta arte independenteko merkatua. Getaria kalea.
- Pop Up-ko 25 denda. Bilbo plaza eta Alfonso VIII kalea.
- Kutxa Kultur Moda. Tailerrak, kontsulta, show rooms. San Martzial eta Arrasate kaleetan.
- MAUSHAUS. 11:30-13:30 / 17:00-19:00. Life os the streets! Lantegi honen bidez guraso eta seme-alabentzat zenbait jolas proposatu eta kalea jolastokitzat hartuko dute. Eredu berri batzuen baitan antolatuko dute, haur jolasetan bezala; eta helburua kale askeago bat lortzea izango da.
- LA CASA DEL VACIO. 11:00-14:00 / 17:00-19:30. Loturak. Ume eta gazteei zuzendutako lantegia, La Casa del Vacio arkitektura eskolak antolatuta.
- UNDERMOUNT. 11:00-14:00 / 17:00-21:00. Kalean jolasten. Haurrei udaz gozatzeko aukera eman nahi diete. Zenbait egitura xume antolatu dituzte horretarako, baina arau eta eduki egokiz osatuta daudenak, haurren gozamenerako, baina baita haurren arteko kohesioa eta hiriarekiko lotura afektiboa sustatzeko.