Arteleku-Santa Teresako koordinatzaile artistikoa Xabier Gantzarian izango da
Artelekuk Santa Teresan hasiko duen garai berrian Xabier Gantzarain izango da proiektuen koordinatzaile artistikoa.
Adelina Moyak, Txomin Badiolak, Peio Agirrek eta Idoia Zabaletak osatutako aholkulari taldeak Xabier Gantzarainen proiektua aukeratu du Artelekuren koordinatzaile artistikoa izateko. Epaimahaiaren arabera, bere egitasmoa da “ederkien egokitzen zaiona Arteleku berrian abian jarri nahi den helburu eta kudeatzeko ereduari”.
Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendaritzak egindako deialdi publikoaren oinarrietan argitzen zen zentro berriak arte sistemaren barruan bete behar duen funtzioa: eskola esperimental baten lana, hau da, praxi artistikotik abiatutako prestakuntza. Horrela, Santa Teresako egoitzan garatuko den proiektuak Artelekuk sorreran oinarri izan zituen ezaugarriak berreskuratu eta zutabe bihurtuko ditu. Azken hilabeteetan Txomin Eneako eraikinetik Santa Teresa komentura eraman dituzte Artelekuko material guztiak.
Xabier Gantzarain (Azkoitia, 1975) Arte Ederretan lizentziatua da eta arte kritika lanetan ibilia da. Horretaz gain, bi liburu argitaratu ditu: Van Gogh, bihotzean eguzkia (2002, Txalaparta) eta Epelde, mende baten soinua (2004, Trikitixa Elkartea).