Zinemaldiko babesle nagusi izaten jarraituko du Gas Natural Fenosak
Akordioa berritu dute Jordi Garciak eta Jose Luis Rebordinosek eta Cinergia proiektua aurkeztu dute.
Donostiako Zinemaldiaren babesle nagusien artean jarraituko du Gas Natural Fenosak, hirugarren urtez jarraian. Hori bermatzen duen akordioa sinatu dute gaur goizean Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak eta Jordi Garcia Fenosako presidentziako kideak. “Zinemaldia ez litzateke posible izango halako babesleen laguntzarik gabe. Momentu honetan, Zinemaldiaren aurrekontuaren %52 erakunde publikoetatik dator, eta gainontzeko %48 enpresa pribatuetatik eta sarreretatik”, azaldu du Rebordinosek. Edonola, krisiari aurre eginez, 62. Zinemaldiaren aurrekontua iazkoa baino hobeto doala ziurtatu du Rebordinosek, eta laster ixtea espero duela. Gas Natural Fenosarekin akordioa berritzeaz gain, Cinergia proiektuaren berri ere eman dute. Azken batean, energiaren erabilpen arduratsua bultzatu nahi dute, eta horretarako zinema erabili dute. Hala, lau zinema zuzendariri enkargua eman zien argi energia enpresak, bakoitzak film labur bana egin zezan gai horren inguruan. Honako zuzendariek zuzendu dituzte lau film laburrak; Paco Plaza (Ultravioleta), Rodrigo Cortes (1.58), Jaume Balaguere (Inquilinos) eta Juan Cruz (Domonicfilm). Film labur horiek hainbat zinemalditan emango dituzte, eta horietako bat Donostiako Zinemaldian estreinatuko dutela aurreratu dute; Paco Plazaren Ultravioleta. Zinema-aretoetan ere eskainiko dituzte guztiak, baina oraindik ez dute definitu noiz.
Zehazki, fantasia eta thriller generoko lau kontakizun dira, eta umore ukitu bat gehitu diete guztiei ere. Gainera, aktore ezagunek parte hartu dute filmeetan, Jose Coronado eta Manuela Velles tartean, gaurko aurkezpenean egon direnak. Kontakizun bakoitza energia-eraginkortasunaren alderdi bati buruzkoa da: ekipoen mantentze-lanak, etxeko eraginkortasuna, laneko eraginkortasuna eta mugikortasun jasangarria.
Ultravioleta beldurrezko zinema klasikoko film labur bat da; eta Julian Villagran eta Maribel Verdu ditu protagonista. Margolanen zaharberritzaile baten ingurukoa da kontakizuna; gau osoa emango du lanean margolan ezkutu bat berreskuratzeko, eta energia aprobetxatzeko garaian egin ohi diren akats ohikoenak erakutsiko ditu.