Izagirre: “Eredugarriak izan dira antolakuntza erakustaldia egin dutelako"
Udal zerbitzuen eta antolatzaileen arteko koordinazioa eta funtzionamendu bikaina nabarmendu ditu alkateak.
Juan Karlos Izagirre alkateak zoriondu egin ditu Donostiako Piratak, baita atzo Edozer Gugu Posible egunean izan ziren herritar guztiak ere, “portaera eta jarrera bikainagatik”. Alkatearen ustez, piratak eredugarriak izan dira antolakuntza erakustaldia egin dutelako, baita jai eredu baten aldeko apustua berretsi dutelako ere.
Udalaren zerbitzuen (Udaltzaingoa, Suhiltzaileak, Mugikortasuna, Garbiketa eta Hondartza zerbitzuak) eta antolatzaileen arteko koordinazioa % 100ekoa izan dela adierazi du Izagirrek. Udaletik plazaratu dute ez dela intzidentziarik izan, eta ez dela sexu askatasun, lesio larri, edota beste motatako indarkeriagatik eta salaketarik izan.
Garbiketa lanei dagokionez, goizeko 9:00etarako ohiko itxura hartu du Zurriolako hondartzak, eta zerbitzu guztiak ere betiko orduan jarri dituzte abian.
60.000 lagun
Donostiako Udalaren zenbaketaren arabera, 60.000 lagun izan ziren kontzertuan. Egunean izan ziren ekitaldietan ere jende ugarik hartu zuen parte. Aipatu behar da, bestalde, Dbusek 97.000 erabilera izan zituela atzo.