Bidebietako igerilekua konponduko dute udan
Lanen ondorioz, igerilekua itxita egongo da irailaren 7a arte.
Bidebietako udal kiroldegia 1971. urtean eraiki zuten, eta 1994. urtean egin zituzten azken konponketa orokorrak. Urteen eraginez eta erabileraren ondorioz, kiroldegiko igerilekuak nahikoa hondatuta daude, eta Donostia Kirolak udan konpontzea erabaki du.
Uztailaren 25ean hasiko dira lanak, eta irailaren 7rako amaitzea aurreikusi dute, beraz, bitarte horretan igerilekuak itxita egongo dira. Gainerako zerbitzuak irekita egongo dira, uztailaren 31tik abuztuaren 17a arte salbu, orduan egingo baitute urteko geldialdi teknikoa.
Bidebietako igerilekua konpontzeko 115.000 euroko aurrekontua dute, eta bi dira lan nagusiak. Batetik, sabaia aldatuko dute. Sabai berriak isolamendu termiko hobea eskainiko du, eta ondorioz, mantentze eta energia kostuak ere murriztuko dituzte aurrerantzean.
Bestetik, igerilekuaren zoladura osoa eta igerileku txikiaren zorua ere aldatuko dituzte.
Altza eta Bentaberriko kiroldegiak
Altza eta Bentaberriko kiroldegietan ere geldialdi teknikoa egingo dute uztailaren 31tik abuztuaren 17a arte. Igerilekuak hustu, legionelaren aurkako tratamentua egin, eta bestelako mantentze lan txikiak egingo dituzte.