Sustapenak 8.000 euro arteko bonu teknologikoak eskainiko dizkie hiriko enpresa eta ekintzaileei
Sustapenaren webgunean eskura daiteke.
Izena emateko epea datorren astetik irailaren 16a artekoa izango da, eta Sustapenak Erdialdean dituen bulegoetan aurkeztu behar dira eskaera orriak.
Ekonomia Sustatzeko 2014ko Planaren baitan, Sustapenak Bonu Teknologikoaren programa jarri du abian. Kasu honetan, CEIT-IK4 ikerketa zentroarekin hitzartu du elkarlana. Josu Ruiz, Garapen Ekonomikoko zinegotziak azaldu duenez, egitasmo pilotua da, eta hiriko enpresa nahiz ekintzaileek izaten duten erantzunaren arabera zabalduko dute eskaintza.
Programa berri honen helburua, enpresak eta ikerketa nahiz teknologia zentroak elkartzea da, baliabideak trukatu eta emaitzak hobetzeko. Hala, programan parte hartzen duten enpresa edo ekintzaile donostiarrek 8.000 euro arteko bonu teknologikoak jasoko dituzte. Bonu hauen bidez, CEIT-IK4 zentroko aholkularitza eta bestelako zerbitzuak jasoko dituzte, negozioa garatzeko.
Alejo Avello, CEIT-IK4 ikerketa zentroko zuzendari orokorrak adierazi duenez, “ohorea” da eurentzat egitasmo honetan parte hartzea, eta “azpiegitura sendo baten hasiera” izatea espero du. Informazio sistemak, materialeak, ingenieritza elektronikoa eta ingurumen ingenieritza dira zentro honek lantzen dituen esparru nagusiak, eta bereziki alor horietako enpresa edo ekintzaileei laguntzen saiatuko dira.
Dena dela, egitasmoak harrera ona izaten badu, zentro gehiagorekin hitzarmenak egiten saiatuko direla adierazi du Ruizek. Aurten, bonu teknologikoen bidez 10-12 proiektu garatzeko aurrekontua finkatu dute. Interesa duten enpresa edo ekintzaile donostiarrek Sustapenak Regente Erreginaren kalean duen bulegoan aurkeztu beharko du eskaera, datorren astetik irailaren 16a arte. Oinarriak eta programaren informazia osatua