Kultur Hiriburutzak tokiko moneta osagarri bat sor dezake hirian
Cristina Enea Fundaziorean webgunean ikus daiteke.
Tokiko ekonomia garatu eta komunitatearen identitatea sendotzeko erabiltzen dira moneta osagarriak. Iparraldean Euskoa dute esaterako, eta Bilbon Ekhi-a.
Donostia 2016 egitasmoak ‘Bizitzaren Itsasargia’ atalean tokiko moneta osagarri bat sortzea proposatzen du, eta ideia horretan garatu du bere proiektua Amaia Atxukarrok. Hala, Cristina Enea Fundazioko Iraunkortasunaren Behatokiko zuzendaritzapean, Zer dira moneta osagarriak? lana egin du ikasle donostiarrak.
Amaia Atxukarro Zientzia Politikoen eta Administrazioaren Graduko ikaslea da Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatean. Iraunkortasun Behatokian egin ditu praktikak eta munduko moneta osagarrien inguruko lana izan da graduaren amaierako proiektua. Moneta osagarriak zer diren eta ekonomia sozialean duten eragina azaltzea du helburu, fenomenoaren historia eta esperientzia ezberdinen analisiarekin batera. Era berean, ekonomia sozialago, solidarioago eta arduratsuagoa sustatzeko moneta hauen garrantziaren inguruan eragile sozial eta kulturaletatik azaltzen ari den interesari ere erantzun nahi dio lanak.
5.000 moneta osagarri inguru daude munduan. Gehienak eskualde edo tokiko eremu txikietan erabiltzen dira, eta elkartasuna eta elkarrekikotasuna bezalako balore edo printzipioak jarraitzen dituzte. Gainera, eremu txikiagoan aritzean ekoizleen, erosleen eta kontsumitzaileen indarrak batzeko balio dute.
Hau da, tokiko edo eskualdeko garapen ekonomikoan aktore guztiak neurri handiagoan parte hartzea eragiten dute. Era berean, komunitatearekiko identitate sentimendu handiagoa ere sortzen duten tokiko moneta osagarriek. Atxukarroren arabera, moneta osagarriak ez dira orokorrak ordezkatzeko sortuak, izenak dioen moduan, maila txikiagoan erabiltzeko osagarriak baizik.
Azterketak, era berean, txanpon osagarriak munduko sistema ekonomikoaren funtzionamendua aldatzeko balio ote dezakeen planteatzen du. Izan ere, krisi ekonomikoak egungo sistemaren alternatibak bilatzeko beharra areagotu du, eta alternatiba horien barruan kokatzen da moneta osagarrien fenomenoa.
Txanpon osagarri ezagunenen sailkapenarekin amaitzen da Atxukarroren azterketa, esparru geografiko gertukoenetako, eta mundu zabaleko adibideekin. Bilboko Ekhia eta Iparraldeko Euskoa, esaterako.
Argitalpen honekin Cristina Enea Fundazioak Amaia Atxukarroren lana ezagutzera eman nahi du, bai eta sozialki bidezkoagoak eta jasangarriagoak, eta alternatiboak diren ereduak sustatzeko interesa duten eragile sozialen topaketa eta hausnarketa bultzatu ere.
Moneta osagarrien lan osoa