Goitibeherek ez dute aldapa nahikorik izan abiadura hartzeko
http://youtu.be/xUCa2zM8wDE
Miramon pasealekuan egin dute I. Goitibehera jaitsiera. Urban 13 taldeak proposatutako proba izan da, Euskal Herriko Inertzia Kirolen Federazioak babestu duena. Hala, parte hartzaile federatuak nahiz herrikoiak izan dira, eta batzuen nahiz besteen maila agerian geratu da hasi aurretik.
Izan ere, ibilgailu batzuk oso xumeak, beste batzuk maila handikoak, eta xelebrekeriaren bat ere ikusi ahal izan dute ikusleek. Goitibeheren ohitura aspaldikoa bada ere, lehen aldiz antolatu dute mota honetako jaitsiera bat Aste Nagusian. Egitarau ofizialeko berrikuntzetako bat izanik, ikusmin handia sortu du, eta asko izan dira bide bazterretan pilatu diren herritarrak, batez ere bihurgunerik arriskutsuenetan.
Aldapa gutxi
Goitibeherek abiadura eta gidariaren trebetasuna dituzte erregai, baina gaurkoan Miramon pasealekuko aldapak eta bihurguneak eskas geratu dira. Hala adierazi dute behintzat parte hartzaileek, gehienek hankei edo gorputzari eragin behar izan baitiote helmugara heltzeko. Poliklinika ingurutik abiatu dira, eta hiru txanda egin dituzte; lehenengoa ibilbidea ezagutzeko, eta beste biak sailkapenerako.
Guztira, 29 parte hartzaile izan dira I. Goitibehera jaitsieran, ibilgailu motaren eta mailaren arabera, hainbat modalitatetan banatuak: neumatikakoak, arinak, errodamentuzkoak, gravity bike eta drift trike. Dena dela, ibilbidea ikusita, 11 parte hartzailek ez dute jaitsiera egin. Azkenik, Maldan Behera taldeko Julen Agirreburualde izan da garailea, hasieratik ikusmina sortu duen arrosa koloreko ibilgailuarekin.