Aitor Etxaburu: "Itsas bidaldi honetan gurekin bidaiatzera gonbidatzen zaituztegu"
Bera Bera Eskubaloiak denboraldiaren aurkezpena egin du, kaian. Superkopa jokatuko du Donostiako taldeak larunbatean, Rocasaren aurka.
Denboraldi berriari hasiera emateko prest eta gogotsu dago Bera Bera Eskubaloia. Aitor Etxaburu entrenatzailea buru zutela, taldearen aurkezpena egin dute kaian, Ciudad San Sebastian ontziaren barnean, gaur goizean. “Itsas bidaldi honetan gurekin bidaiatzera gonbidatzen zaituztegu”, aipatu du Etxaburuk, ezin leku aproposagoan. Eskubaloiaren munduan ezaguna da zalantzarik gabe Etxaburu, eta Imanol Alvarezen agurraren ostean, berak beteko du aurtengoan entrenatzailaren lekua. “Oso pozik nago, baina ilusioarekin bakarrik ezin da bizi eta lan egin beharra dago. Nik bakarrik ezingo nuke taldea kudeatu eta eskerrak eman nahi dizkiet nire laguntzaileei; Nerea Uranga fisioterapeuta, Iker Fernandez prestatzaile fisikoa eta Garikoitz Galarza bigarren entrenatzailea”, gehitu du Etxaburuk. Taldeari dagokionean, hamabost jokalarik osatzen dute; eta tartean badira jokalari beteranoak, berriagoak, iritsi berriak eta oso gazteak, baina guztiak ere, lanerako gogoz. “Hirugarren urtez jarraian entrenatzaile desberdin batekin hiru lehiak irabazten baditugu, Donostiako plaza bati Bera Beraren izena jarri beharko zaio! [barreak] . Egia da tituluak ezin direla zin egin, baina saiatuko garela argi dago”, azaldu du Etxaburuk.
Zehazki, 25. urtez jarraian izango du hiriak goi mailako emakumeen eskubaloi talde bat, lehenengo Bidebieta izenarekin, eta azken 16 urteetan, Bera Bera izenarekin. Aurreko bi denboraldiak izan dira zalantzarik gabe taldeak egindako onenak; Ohorezko Mailako Liga, Kopa eta Superkopa irabazi baititu, Euskal Koparekin batera. 2014-2015 denboraldian Superkopa izango da taldearen lehen erronka; larunbat honetan bertan jokatuko dute (Teledeporte, 12:30), Rocasaren aurka, Guadalajaran. Ohorezko Mailako Ligari dagokionean, irailaren 13an ekingo diote, etxean, Granollersen aurka. Europako Txapeldunen Ligan jokatzeari uko egin ostean, berriz, EHF Kopako lehen lehia azaroaren 15ean izango dute, Italiako Jomi Salerno eta Islandiako IBV taldeen arteko irabazlearen aurka.
Bera Bera guztia irabazteko gai izan den arren, aurkezpenean hitza hartu duten guztiek izan dute gogoan taldeak babesle nagusirik gabe jarraitzen duela; eta horrek, zalantzarik gabe, arlo ekonomikoan sekulako eragina du. “Garrantzitsuena proiektu honen jarraipena da. EHF Kopa jokatuko dugu, eta horrek ere asko pozten gaitu, eta hazten jarraitzeko aukera emango digu. Kirol arloan ongi gaude, baina kudeaketari bultzada eman nahi diogu. Ez gara geratuko enpresa batek gure proiektuarekin bat egiten duen arte”, aipatu du Fernando Diez klubeko presidenteak.