Oraitz Garcia: "Sukaldeak kalera aterako ditugu"
Koxk! elkartasun festa irailaren 13an ospatuko dute, Intxaurrondon.
KOXK! EGITARAUA: irailak 13, larunbata
Egin koxk elkartasunari! izenburupean, elkartasuna eta sukaldaritza uztartzen dituen festa ospatuko dute irailaren 13an, Intxaurrondon. Kilometroak bezalako jarduerak eredu hartuta, auzoan zehar ibilbide bat osatuko dute, eta bertan lau gune kokatuko dituzte. Ekimena, besteak beste, Juan Mari Arzak eta Pedro Subijana sukaldarien babesarekin aurkeztu dute gaur goizean, Intxaurrondoko Zubiaurre kalean dagoen Villa Yeyette eraikinean. Festak bi helburu dituela azaldu du Koxk!-eko antolakuntzako kide den Oraitz Garciak: “Batetik, Zaporeak proiektua martxan jartzea; eta, bestetik, sukaldeak kalera ateratzea, herritarrek sukaldariek egiten dutena gertutik ezagutu dezaten”. Pintxo eta plater guztiak euro baten truke eskainiko dituzte.
Zaporeak proiektua Etiopiako Wukro herriak elikatzeko duen segurtasun ezari buelta eman nahi dio, epe-luzeko kudeaketa iraunkor baten bidez. Horretarako, Ostalaritza eta Gastronomia sortu eta Angel Olaranen zein Saint Mary eskolakoren sukaldeak hornitu eta hobetu nahi dituzte. Hortaz, festan biltzen duten dirua proiektu honetara bideratuko dute.
Ibilbideak 1.400 metro izango ditu, eta bertan jarduera gastronomiko ugari egingo dituzte, lau gune nagusitan. Irteera Zubiarreko zubian egongo da.
1. LUIS IRIZAR GUNEA (Txaparrene parkea)
Festaren erdigunea izango da, ibilbidearen irteera eta amaiera batzen dituena. Bertan inaugurazio ekitaldia, zinta-moztea eta ibilbidearen irekiera egingo dituzte. Bestalde, Idiazabal Gaztaren Juan Mari Arzak Sari Nagusia eta Patata tortila txapelketa herrikoia egingo dituzte, eta bi omenaldi ere: bata, Luis Irizar sukaldariari, eta bestea, Arzak Jatetxeari, hirugarren Michelin izarra jaso zuenetik 25 urte bete baititu.
Gainera, Luis Irizar gunean, 400 pertsonentzako herri bazkaria egingo dute, Bokado taldeak prestatuta. (Bazkarirako txartelak aurrez eskatu daitezke koxk.festa@gmail.com helbidean). Bazkaria amaitzean, bertaratzen direnek Kantujirako kideekin batera hainbat euskal kanta abesteko aukera izango dute.
2. PEDRO ARREGI GUNEA (Villa Yeyete)
Gune hau euskal sukaldaritza tradizionalari egongo da eskainia, hainbat erakustaldi eta dastatzeekin. Sukaldari bakoitzak errezeta bat prestatuko du, eta herritarrek Villa Yeyette ezagutzeko parada edukiko dute.
Horretaz gain, Eusko Labeleko txerri eta txahalak erreko dira gero jendeak pintxoen bidez dastatu ditzan; eta Pedro Arregi grisela mundu osoan zehar zabaldu zuen sukaldariari omenaldia egingo diete.
3. JUAN MARI ARZAK GUNEA (Intxaurrondo kalea 70)
Arzak Jatetxetik hurbil, gune hau euskal sukaldaritza berrian oinarrituko da. Egun Michelin izarren bat edo beste duten euskal sukaldarien parte-hartzea izango da nagusi, Juan Mari Arzak eta Andoni Luis Aduriz, tartean.
Hemen ere haurren gunea kokatuko dute, zenbait jarduera eta eskulanekin gozatu ahal izateko. Adibidez, Porrotxek gazta bat osatuko du haurrekin, eta ikuskizun bat ere eskainiko du.
4. GILDA GUNEA (Intxaurrondo Zaharra)
Jarduera nagusiak Mondragon Unibertsitateko ikasleek Zaporeak proiektuaren baitan egindako erakusketa eta Pintxoaren Kilometroa izango dira. Azken honetan, hainbat taberna eta jatetxek hartuko dute parte, eta herritarrak izango dira Zaporeak Sari Nagusia nork irabaziko duen aukeratuko dutenak. Bestalde, Gilda gunean Aperitivos Easo omenduko dute.
[box]
- 10:00. Jose Miguel Cendoya (Katxiña). Bisiguaren errege. 2.gunea: Pedro Arregi.
- 10:00. Aperitivos Easori omenaldia. 4.gunea: Gilda.
- 10:30. Idiazabal Gaztaren Juan Mari Arzak Sari Nagusia. 1.gunea: Luis Irizar.
- 10:30. Bar Zeruko (Donostia). 4.gunea: Gilda.
- 11:00. IREKIERA OFIZIALA. 1.gunea: Luis Irizar.
- 11:30. Umeen gazta ikastaroa. 1.gunea: Luis Irizar.
- 11:30. Aratz. Parrillaren erregeak. 2.gunea: Pedro Arregi.
- 12:00. Kattalin (Beasain) / Txuleta (Donostia). Txuletaren erregeak. 2.gunea: Pedro Arregi.
- 12:00. Bar Cantabrico (Ondarroa). 4.gunea: Gilda.
- 12:30. Juan Mari Arzak. 3.gunea: Juan Mari Arzak.
- 13:30. Pedro Arregiri omenaldia. 2.gunea: Pedro Arregi.
- 14:00. Tortila pataten txapelketa herrikoia. 1.gunea: Luis Irizar.
- 14:00. Elkano. Erreboila parrilan. 2.gunea: Pedro Arregi.
- 14:00. Danako Jatetxea (Irun). 4.gunea: Gilda.
- 14:30. Andoni Luis Aduriz. 3.gunea: Juan Mari Arzak.
- 15:15. Sari banaketa, omenaldiak Luis Irizar eta Juan Mari Arzaki eta bazkari herrikoia. 1.gunea: Luis Irizar.
- 1. gunean: dastatze postuak, taberna, tiketen salmenta, merchandising salmenta.
- 2. gunean: Eusko Label txerri eta txahal pintxoen salmenta, parrila pintxoak, taberna.
- 3. gunean: Haurren gunea (mural margoketa, haurrentzako jarduerak, Porrotxen ikuskizuna, taberna).
- 4. gunean: Pintxoaren kilometroa (Zaporeak Sari Nagusia), taberna, tiketen salmenta, merchandising salmenta.