Bidebietako igerilekuak, berritu aurretik. (Argazkia: Donostiako Udala)
Azken bi hilabetetan egindako hobekuntza lanak bukatu ostean, Bidebieta kiroldegiko igerilekuak datorren astelehenean irekiko dituzte. Hala, esperotako epean bukatu dituzte konponketak eta bidebietarrek igerilekuez gozatzeko aukera izango dute.
Igerilekuen gunean egindako lanetan, 115.000 euroko inbertsioa egin du udalak. Sabai osoa aldatu dute, aurretik zegoena mantentzeak kostu handia zuelako. Hala, sabai berriak isolamendu termiko hobea eskainiko du, eta mantentze eta energiaren kostuak murriztuko ditu. Horretaz gain, igerilekuaren hondartzako lur osoa aldatu dute, baita igerileku txikiaren barrukoa ere, aurrekoak irregulartasun asko zituelako.