Ander Iriarte: "Epaileen eta gainontzeko txalupen olatuak jasotzen hasi gara"
Gaurko estropadan bizitakoaren berri eman dio Donostiarrako patroiak IRUTXULOKO HITZAri.
Donostiarrako kideek bazekiten ez zirela banderarengatik borrokan ibiliko, eta euren estropada egitera atera dira Kontxako Banderaren lehen jardunaldian. Hala ere, gainontzeko traineruengandik gertuago egotea espero zuten, eta aurpegi luzeekin itzuli dira arraunlariak kaira. Ziabogara arte txukun aritu da Torrekua II, eta Hondarribia baino 40 segundo beranduago sartu da; bigarren luzean, ordea, atzean geratu da talde zuria.
Ander Iriarte Donostiarrako patroia da bigarren urtez, eta barrutik bizitakoaren berri eman dio IRUTXULOKO HITZAri.
Nola bizitu duzue estropada? Itzulera txarra izan da. Ezin izan ditugu olatuak ongi aprobetxatu, epaileen ontziak sortzen zizkigun olatuekin. Normala da, atzean geratzen zarenean, baina pena da.
Ziabogara arte zuenari eutsi diozue. Bai bai, ziabogara arte oso ondo aritu gara. Baina ziaboga hartu eta minutura edo… ba hori. Epaileen eta gainontzeko txalupen olatuak jasotzen hasi gara, eta ezin izan ditugu hartu. Baina bueno, ondo.
Urdaibaik sekulako denbora egin du… Bai, bai, Cabo da Cruzek ere 19:39ko denbora egin ditu… denbora horiekin lehiatzea zaila da.
Zuek zuen estropada egitera atera zarete, zein helburu jarriko duzue datorren igandeari begira? Espero dugu hurrengo igandean gure txandako gainontzeko traineruengandik gertuago egotea, ea ziabogan muturra sartzen dugun.