Ziburuko ikastolaren aldeko emanaldi bat egingo dute Antiguan
Dokan izango da, hilaren 24an; Porrotx pailazoak haur eta gurasoentzako ikuskizun bat emango du.
Kontzertu bat ere antolatu nahi dute, hilaren 25ean.
Egoera larria bizi du Ziburuko ikastolak. Paueko Administrazio Auzitegiko Frederique Davous epaileak iragan astean ebatzi zuenez, Ziburuko ikastolak Marinela auzoko eskola publikoa utzi beharko du, eta gaur arteko epea du horretarako. Agindua bete ezean, eskolan gelditzen diren egun bakoitzeko 100 euroko isuna ordaindu beharko dute.
Ziburuko ikastola diruz sostengatzera dei egin du Seaskak, bertan eusteko. Izan ere, auzapezak gutuna igorri die: elektrika eta ura etengo dizkiete, eta pareko obratik babesteko hesia kenduko. Ohartarazi die irailaren 15ean hasiko dituztela obrak eremuan. Ziburuko Herriko Etxeak Marinela ingurua konpondu nahi du, eskola publikoa martxan ezartzeko berriz. Bi urtez han izan da Kaskatorenea ikastola, baina auzapezak bota egin nahi ditu.
Elkartasun kanpaina bat abian jarri da Ziburuko ikastola diruz lagundu ahal izateko, lekuan eutsi ahal izan dezaion. Donostian, esaterako, emanaldi bat egingo dute hilaren 24an, 18:30ean. Porrotx pailazoak haur eta gurasoentzako ikuskizun bat emango du Antiguako aretoan, 5 euroren truke. Haurrek porrotxekin jolastu eta dantza egiteko aukera izango dute, eta ondoren, txokolate jana. Sarreren bidez bildutako diru guztia Ziburuko ikastola laguntzeko bideratuko dute. Hilaren 25erako elkartasunezko beste emanaldi bat lotzen ari dira. Kontzertu bat egiteko asmoa dute Dokan.