Loiolako geltokia. (Argazkia: Nagore Koch)
Mozio bat aurkeztuko dute hurrengo udalbatzarrean, hiriarekin dituen konpromisoak betetzeko eskatuz Eusko Jaurlaritzari.
Udal gobernuaren arabera, Euskotren sarean hasita dauden lanak bukatzea lehentasunezko gaia da, loiolatarren bizi kalitatean eragin nabarmena duelako. Aspaldi hasitako lanak geldirik daudela salatu du Bilduk, trenbide sarean hasi gabe zeuden hainbat lan lehenetsi dituztelako.
Gainera, Lorategi Hiria kalitatezko eremu bat izan dadin lanean ari dela adierazi du udal gobernuak, baina egitasmoa gauzatzeko ezinbestekoa omen da trenbide sareko lanak amaitzea.
Horregatik, beharrezkoak diren aurrekontuak onartzeko eta Loiolako lanei lehenbailehen ekiteko eskatuko dio Bilduk Eusko Jaurlaritzari mozio baten bidez.
Herritarren protesta
Lanak amaitzeko eskatuz loiolatarrek ere hainbat protesta egin dituzte. Hurrengoa irailaren 20an izango da. ‘Loiola existe, lanak bukatu’ lemapean manifestazioa egingo dute. Loiolako kultur etxetik abiatuko dira, 13:00etan.