'Egunkaria'ren auzi ekonomikoa ixteko eskatu dute
“Nahikoa da, aski da, nekatuta gaude, hau bukatu egin behar da lehenbailehen” aldarrikatu du Iñaki Uria auzipetuak Egiako epaitegiaren aurrean egindako elkarretaratzean.
Egunkaria-ren auzi ekonomikoan epaiketarik ez egiteko eskatu dute 150 lagun baino gehiagok, gaur goizean, Egiako epaitegiaren aurrean. Elkarretaratzea egin dute auzipetuek eta euskal gizarteko hainbat aurpegi ezagunek, Epaiketarik ez lelopean, kasua betirako itxi dadin. Tartean ziren, Mariasun Landa eta Kirmen Uribe idazleak, Nerea Txapartegi udaleko Kultur arduraduna, Mariano Ferrer eta Jaime Otamendi kazetariak eta Pernando Barrena Sortuko kidea, besteren artean. Iñaki Uria Egunkaria kasuagatik auzipetutako bat da, eta eskerrak eman dizkie hurbildutako guztiei. Bere ustez, gaurko agerraldiak ere argi utzi du euskal gizartea eurekin dutela. “Ze auzi izan da hau? ez da egon deliturik eta, hala ere, aurrera jarraitzen du fiskaltzak, epaileak erabaki eta gero kasua artxibatzea. Gure aldetik esan nahi duguna da nahikoa da, aski da, nekatuta gaude, hau bukatu egin behar da lehenbailehen”, aldarrikatu du Uriak.
Donostiako Zigor Auzitegiak, joan den ekainaren 4an, itxi egin zuen Egunkaria-ko auzi ekonomikoa, ustezko delituak preskribatutzat jota, baina Gipuzkoako Fiskaltzak ekainaren 11n apelazio helegitea aurkeztu zuen, auzia preskribatuta ez dagoela iritzita. Defentsak helegitea inpugnatu zuen. Kasua Gipuzkoako Auzitegira pasatu zen, eta harek aztertuko du epaiketa izango den. Hala, Juana Maria Unanue, Iñigo Suarez de Odriozola eta Maria del Carmen Bildarraz epaileek bihar aztertuko dute epaiketa egingo den ala ez. “Biharkoarekin Egunkariaren auzi hau bukatzea espero dugu eta epaiketa gehiago ez egotea”, gehitu du Uriak.
Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria, Txema Auzmendi, Joxe Mari Sors, Mikel Sorozabal, Fernando Furundarena, Ainhoa Albisu eta Begoña Zubelzu daude auzipetuta kasuan. Fiskaltzak zigor handiak eskatu ditu; denera, 128 urteko kartzelaldia eta 221 milioiko isuna.
2003ko urriaren 16an egin zuen operazioa Guardia Zibilak, Juan del Olmo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak aginduta. 2010eko maiatzean, Auzitegi Nazionalak Donostiako epaitegira igorri zuen auzia, Egunkaria-ren itxiera kasuko absoluzioaren ostean.