‘Loiola existe, lanak bukatu’ lelopean egin dute gaur elkarretaratzea. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
2010ean hasi eta egun geldirik dauden obrak amaitzeko eskatu dute loiolatarrek.
‘Loiola existe, lanak bukatu’ lelopean elkarretaratzea egin dute auzoan.
“Oso haserre eta erreta gaude. Lanak ez dituzte bukatu, eta hau ez da posible. Hitza eman ziguten lanak bukatuko zituztel, beraz, amaitu ditzatela”. Igor Alonso Loiolako auzo elkarteko kidearen adierazpenak dira. Beste hainbat loiolatarrekin batera kalera atera da gaur, Euskotren sareko lanak buka ditzaten eskatzeko.
Loiola existe, lanak bukatu lelopean elkarretaratzea egin dute auzoko kultur etxetik abiatuta. Auzoa zeharkatu dute, Loiolako Erriberara iritsi arte, eta berriz bueltako bidea egin dute.
Oregi, entzun, lanak bukatu eta
Eusko Jaurlaritza, bete zure hitza bezalako aldarrikapenak oihukatu dituzte auzotarren protestan zehar.
Eusko Jaurlaritzak 2015eko aurrekontuak zehaztuko ditu laster, eta horregatik hurrengo aste hauek “erabakigarriak” izango direlakoan dago Alonso. Loiolako geltokiko lanak bukatzeko diru partida bat exiitu du: “Loiolako Euskotren geltokiko lanak bukatzeko dirurik ez dagoela esan digute. Horregatik mobilizatzen ari gara. Protesta hauen bidez aurrekontuetan proiektua bukatu ahal izateko diru partida bat lortu nahi dugu. Ez da diru asko. 22 milioi euro behar dira lanak bukatzeko. AHTa egiteko behar den dirutzarekin konparatuz gero, ez da ezer. Ia 22 milioi euroko kostua du AHTaren kilometro bakoitzak. Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Lurralde Politikako sailburuak adierazi du AHTarentzako dirua aurreratuko dutela. Eta gu zain gaude. Hau bukatu egin behar da”.
Ez dute egunik zehaztu oraindik, baina mobilizazioekin aurrera jarraitzeko asmoa dute auzotarrek. Loiolan ez ezik, Donostian ere zabalduko dute euren aldarrikapena: “Beste auzo elkarten babesa lortu nahi dugu, gure eskaerak oihartzun handiagoa izan dezan, azaldu du Alonsok”. Gasteizera joateko asmoa ere badute, Eusko Jaurlaritzaren aurrean protesta egiteko: “Ana Oregi berez Donostian bizi da, baina Gasteizera joango gara, ea han entzuten digun behingoz”.
“2010ean hasi ziren lanak eta aurten jada bukatuta egon behar zuten lanek. Gauza bat dela edo bestea dela… Adarra jotzen ari dira. Oso haserre gaude eta mobilizatzen jararituko dugu”.