Bisitari talde bat hondartzari begira. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Atzerritarren artean, bisitari japoniarren ugaritzea nabarmendu dute; eskaintza gastronomikoak erakarrita etortzen dira.
Udazkeneko lehen egunean egin dute udako turismo balantzea, eta EUSTAT-en datuen arabera, iazko adierazle turistiko guztiak gainditu dira aurten. Hau da, bisitari eta gaualdien kopurua, turismo bulegoan hartutako pertsonen kopurua, eta produktu turistikoen salmenta.
Josu Ruiz, Garapen Ekonomikoko zinegotziaren arabera, “udako datuak hobetzeko tartea gero eta txikiagoa bada ere, aurtengo udako turismo datuek marka guztiak hautsi dituzte bigarren urtez”. Dena dela, datuak “oso onak” badira ere, turismoaren kalitateari eutsi eta hiriko turismo ereduaren inguruan gogoeta egin behar dela adierazi du Ruizek; “egungo eredua zaindu eta ahal den neurrian hobetzen jarraitu behar dugu, baina iraunkortasuna errespetatuz”.
Manu Narvaez, Donostia Turismoako zuzendaria eta Josu Ruiz, Garapen Ekonomikoko zinegotzia. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Udan Erdialdea eta batez ere Parte Zaharra dira bisitari kopuru handiena jasotzen duten auzoak. Datorren urtean Tabakalera ere turismo gune garrantzitsu bat bilakatuko dela esan du Ruizek, eta horrek eremu turistikoa zabaltzea ekarriko duela nabarmendu du, bereziki Parte Zaharreko jende andana eragotziz.
Bestalde, udako emaitza onez gain, hiria urte guztirako jomuga izatea da Donostiako Udalaren erronka. Horretarako, gainerako urte sasoietako eskaintzak ere indartuko dituzte.
Bisitari kopurua %5 handitu da
Ekaina, uztaila eta abuztuko datuak kontuan hartuta, 373.929 gaualdi izan dira aurten; iaz baino %4,5 gehiago. Bisitari kopuruak ere gora egin du: 167.524 pertsona etorri dira; iaz baino %5 gehiago.
Jatorriari dagokionez, nazioartekotze joerak jarraitzen du. Manu Narvaez, Donostia Turismoako zuzendariaren arabera, duela hiru urte hasi ziren jatorri berrietara hiriko eskaintza zabaltzen, eta dagoeneko atzerritarrak %60a dira, eta Espainiatik datozenak %40.
Atzerritarren artean, frantziarrak dira nagusi, baina joera berriak nabarmendu ditu Narvaezek. Aurten adibidez, bisitari japoniarrak asko ugaritu dira, gastronomia eskaintzak erakarrita. Japoniarrekin batera, Suedia, Danimarka eta Zeelanda Berriko bisitariak ugaritu dira.