Donostia Musika Zikloko lehen hiruhilekoak pianoa izango du ardatz
Hiru kontzertu eskainiko dituzte abendua bitartean, Viktoria Eugeniako Klub Aretoan.
Donostia Kulturaren webgunean erosi beharko dira sarrerak. Kontzertu bakoitzerako sarrerek 15 euroko prezioa izango dute.
DONOSTIA MUSIKA ZIKLOA
Musikazaleak bildu eta euren ezagutzak aberasteko asmoarekin sortu zuen hiriko musikazale talde batek Donostia Musika. Carlos Benito Donostia Musikako presidentearen arabera, geroz eta gauza gehiago egiten ari da elkartea, eta pauso bat haratago joan nahi dute. “Bultzada bat eman nahi diegu musikari gazteei, ahal dela donostiarrak edo gipuzkoarrak”, azaldu du Benitok. Hala, Donostia Musika Zikloa antolatu eta aurkeztu dute gaur. Lehen hiruhilekoan, hiru kontzertuk osatuko dute egitaraua, eta guztiak ere Viktoria Eugeniako Klub Aretoan izango dira, 20:00etan. Ganbera musika emanaldiak izango dira, eta pianoa izango dute ardatz nagusi. Kontzertuak kalitatezkoak izango direla ziurtatu du Benitok, eta ordubete eta ordu eta hamabost minutu inguruko iraupena izango dutela.
Datorren ostiralean, urriaren 3an, izango da lehen emanaldia. Sonus Unda biolin bikotea eta Esther Barandiaran pianista izango dira protagonistak. Shotakovitx eta Prokopieven lanak interpretatuko dituzte. “Oso kontzertu dinamikoa izango da, kontrastez betetakoa. Obra bakoitzaren aurretik aurkeztu egingo ditugu, gertuago sentitzeko”, azaldu du Esther Barandiaranek.
Bestetik, azaroaren 19an, Arkaitz Mendoza pianistak eta Ekaitz Unai Gonzalez aktoreak beste emanaldi berezi bat egingo dute. Zehazki, Chopinen Nokturnoak eskainiko ditu Mendozak. Pieza bakoitzaren aurretik, ordea, Harkaitz Canok obra horietan ispiratuz idatzitako olerkiak interpretatuko ditu Gonzalezek. “Oso egokia iruditzen zait Klub aretoa eta, gainera, asteazken batean izateaz ere oso pozik nago, egunerokotasunetik ateratzeko balioko baitio publikoari”, adierazi du Arkaitz Mendozak. Gainera, interpretatuko dituzten lanekin disko liburu bat kaleratzeko asmoa dute.
Hiruhilekoari amaiera ematearen ardura Felix Ardanaz pianistak izango du, abenduaren 5ean. Liszt eta Chopinen obrak interpretatuko ditu. “Oso musika deskribatzailea egingo dut”, dio Felix Ardanazek.
Kontzertu ziklorako sarrerak dagoeneko salgai daude. Ziklo osorako txartela 30 euroren truke eros daiteke, bihar arte, San Martzial kaleko Parsifal dendan. Ondoren, urriaren 1etik aurrera, Viktoria Eugeniako txarteldegian edo
- Urriak 3, ostirala. Sonus Unda biolin bikotea eta Esther Barandiaran pianista.
- Azaroak 19, asteazkena. Arkaitz Mendoza pianista eta Ekaitz Unai Gonzalez aktorea.
- Abenduak 5, ostirala. Felix Ardanaz pianista.