Marea bizien ondorioz Kontxako hondartza eremu lehorrik gabe. (Argazkia: Lide Ferreira)
Aurtengo udan 218 tona hondakin bildu dituzte, iaz baino 30 tona gutxiago.
Nora Galparsoro, Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotziak hondartza denboraldiaren balantzea egin du. Bere esanetan, otsaila eta martxoko denboraleen ondorioz denboraldiaren hasiera “gogorra” izan bazen ere, “zerbitzu guztiak garaiz jarri ziren abian eta ondo funtzionatu dute gainera”.
Zinegotziaren hitzetan, “garbitasuna izan da hondartza denboraldiko ezaugarri nagusia; bai uraren garbitasuna eta baita hondartzena ere”. Gaika sailkatzeko edukiontzi berriei esker, plastikozko hondakin bilketa nabarmen handitu da: iaz 574 kilo bildu ziren, eta aurten, 23.308 kilo. Zigarrokinak biltzeko konoak ere banatu dituzte, eta hiru hondartzetako hondarra eskuz nahiz galbahe mekanikoaren bidez garbitu dute egunero. Urari dagokionez, 603 kilo atera dituzte itsasotik.
Nora Galparsoro, Hiri Azpiegitura eta Zerbitzuetako zinegotzia. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Bestalde, eguraldi txarra egin duen arren, erabiltzaile kopurua iazkoaren antzekoa izan da. Kontxan 67.259 (iaz 68.405); Ondarretan 20.604 erabiltzaile (iaz 18.568); eta Zurriolan 12.239 erabiltzaile (iaz 14.977).
Eta zerbitzuei dagokienez, eguzkitakoen erabilera ere ia %100ean bete dela adierazi du Galparsorok. Dena den, datorren urteari begira bi aldaketa egingo dituzte eguzkitakoen eskaintzan. Batetik, eguzkitakoaren kokalekua aukeratzen utziko dute, eta bestetik, izen emate faltsuak eta bikoizketak eragozteko, 100 euroko bermea eskatuko dute.
Hondartzetako ikur berriak eta Zurriolako eremuen bereizketa izan dira aurtengo berrikuntzak. Surflariei dagokionez, banaketak balantze positiboa izan arren, “guztiak gustura egotea ia ezinezkoa” dela esan du Galparsorok, eta lanean jarraituko dutela aurreratu du.
Hondar mugimenduak
Marea biziko egunetan Kontxako hondartza eremu lehorrik gabe geratu da sarritan aurtengo udan. Galparsororen arabera, “gertaera hori ez da berria, hondartzak hondar mugimendu etengabeak direlako”. Beraz, jarraipena egingo dute, baina ez dute aparteko neurririk hartzea aurreikusi.
Ondarretan, ordea, zenbat harri eta nola kokatuta dauden zehazki jakiteko azterketa bat egingo dute udazkenean. “Badakigu harriak ateratzen direla, baina ez dakigu zehazki zenbat dauden. Irizpide zientifikoei jarraituz hartuko ditugu neurriak, eta beharrezkoa bada harriak kenduko ditugu, baina hondakinak direla ziurtatzen bada; ez dago itsu-itsuan makinak sartu eta harriak kentzen hasterik”.
Azkenik, denboraleen ondorioz hondar kantitate handia galdu zenez, 350.000 metro kubo hondar ekarri zituzten Zurriolara denboraldi hasieran.