Xabier Etxaniz Rojo: 'Ume alaiak'
Xabier Etxaniz Rojo, Idazlea
Joan den igandean gure alaba Enara Anoetako markagailuetan agertu zen une batez. Zelaiaren erdian zegoen, Ume Alaia elkarteko hainbat haurrekin batera, jokalariekin argazkia noiz aterako. Kamerek fokatu zutenean, pozik ikusi nuen, bihurrikeriaren bat egin behar dueneko irribarrea musuan margoturik, eta ni –ez dizuet gezurrik esango– lerdea zeridala nengoen.
Enara pozik zegoen, bai, baina baita urduri ere, nik emandako enkarguaren zama gainean zeramala. Izan ere, Zurutuzaren ondoan jartzeko agindu bainion. Eta, behin haren ondoan jarrita, gol bat sartuko zuela esateko. Eta gola sartzekotan, kamiseta oparitu behar ziola agintzeko.
–Eta zein da Zurutuza?– galdetu zidan.
–Hi ez kezkatu. Taldeko ilegorri bakarra dun– erantzun nion.
Gerora jakin nuenez, saiatu, saiatu zen, baina ez zuen aukerarik izan haren ondoan jartzeko. Gertu bai, baina ezin enkargua pasa… Bere taldekideak ere Zurutuzaren bila ibili ziren Hendaiakoa zelaian egon zen bitartean. Baina Enarak ez bezala, beraiek aurkitu egin zuten. Eta esango nuke ezin gusturago ibili zirela jokoan, aise eta erraz, ume alaiak balira bezala. Zoritxarrez, ez denbora guztian, baina bai tarte luzez.
Ez, ez naiz esaten ari sekulako partida jokatu zutenik. Gure Realari asko falta zaio behinola izan zena izateko. Baina esango nuke denboraldiko partidarik txukunena jokatu zutela joan den igandean. Valentzia baino gehiago izan zen eta hori ez da erraza izaten. Lehenengo zatian, joko zuzenaz, lauzpabost aukera garbi izan zituzten gure mutilek. Bigarren zatian, joko landuagoa eginez, aukera gutxiago sortu zituzten, baina bai garaipena eskuratzeko beste.
Eta nago Zurutuza izan zela jokoari oreka eman ziona.
Baten batek leporatuko dit baikorregia izatea. Eta agian ez zaio arrazoirik faltako. Azken batean, eta aurrekariak ikusita, «denboraldiko partidarik txukunena» jokatzeak ez dirudi etxafuegoak botatzen hasteko bezalako balentria. Ez, ez zen oso zaila. Baina egin behar zen eta, emaitza nahi bezain ona izan ez bazen ere, ni pozik atera nintzen Anoetatik.
Ez Enara bezainbeste, baina tira…