'Udalak behingoz heldu dio Parte Zaharreko zabor bilketaren arazoari'
Juan Mari Beldarrain, Eguzkiko kidea.
Donostiako Udalak Parte Zaharrean zaborra biltzeko sistema berria ezarri behar duela eta, Eguzkikook gure poza baino ezin dugu agertu. Bazen garaia! Izan ere, arazo honekiko utzikeriak urtetan iraun du, modu harrigarrian iraun ere.
Egia da Parte Zaharreko kaleak, beste auzokoekin konparatuta, estuak direla eta horrek zabor bilketa zailtzen duela. Baina egia da ere Parte Zaharrean Donostiako aisialdi eta turismo gehiena biltzen dela –179 taberna eta jatetxe, eta hondakinak sortzen dituzten hamaika denda gehiago–. Horren ondorioz, auzoko 6.200 bizilagunek sortutakoa ez ezik, askoz zabor gehiago ere sortzen da. Beraz, Parte Zaharrak aspaldi behar eta merezi zuen sistema berri txukun bat.
Kontuan izan behar da oraindik indarrean dagoen sistema, zikina izateaz gain, birziklatzeko aukerarik apenas ematen duela, txar baino txarragoa dela. Arazoa, begi-bistakoa, legegintzaldiz legegintzaldi udalaren mahai gainean egon da, baina, oso ondo zergatik ez dakigula, orain arte ez zaio behar bezala heldu. Horregatik gure poza.
Hala ere, guk garbi dugu –eta seguru gaude ez garela bakarrak– sistema berria minimoetakoa dela. Hau da, badira sistema hobeak, birziklatze maila handiagoak ahalbidetzen dituztenak. Baina, jakina, sistema horiek aldaketa sakonagoak, estrukturalak, eskatzen dituzte eta, halaber, askoz ahalegin handiagoa, bai udalaren aldetik, bai herritarren aldetik. Dena dela, Parte Zaharreko kasuan, guk geuk urtetan defendatu dugu aldaketa sakon-sakonik egin gabe ere bilketa hobetzeko aukera zabal baino zabalagoa zegoela. Eta hau da udalak hartu duen bidea. Logika horri jarraituz, hainbat proposamen egin ditugu. Ez dute aldaketa sakonik eskatzen eta, hala ere, gure ustez sistema berria hobetu dezakete. Hona hemen proposamenok:
–Zabor zati bakoitzari dagokion edukiontzi kopurua 13ra igotzea. Erreferentzia estandarra honako hau da: 500 biztanleko, edukiontzi bat zabor zati bakoitzeko –beira, ontziak, organikoa, papera eta errefuxa–. Parte Zaharrean kopuru estandarra lortzeko ez da zertan leku arazorik izan behar. Are gehiago, oraintxe bertan, zabor zatietako batek –errefuxak– 27 edukiontzi ditu, hau da, estandarraren oso-oso gainetik dago. Beraz, behar izanez gero, kopuru hori lasai asko jaitsi liteke beste zabor zatien edukiontzien mesedean.
–Aurreikusitako edukiontzi guztiei oihala biltzeko bi gehitzea –gaur egun, bat bera ere ez dago–.
–Parte Zaharreko bizilagunei ere taberna eta jatetxeetan atez ate egiten den paper eta ontzi bilketan parte hartzeko aukera ematea.
–Hondakin organikoak atez ate biltzeko aukera harategi, fruta-denda, okindegi eta antzeko beste dendeei ere zabaltzea.
–Taberna eta jatetxeetan, ontzi txikiak ez ezik, handiak ere atez ate biltzea –beharbada horrela aurreikusita dago, baina testuren batean txikiak soilik ikusi ditugu aipatuta, eta badaezpada–.
–Elkarte gastronomikoak, 18 dira, taberna eta jatetxeak balira bezala kontuan hartzea –hondakin organiko eta ontzien bilketari dagokionez, noski–.
–Taberna eta jatetxeetan atez ate bildutako hondakin organikoak zorrotz ikuskatzea. Batez ere hasieran, komenigarria eta beharrezkoa ez ezik, ezinbestekoa ere iruditzen zaigu. Ez da begi-bistatik galdu behar bildutako hondakinen kalitatea funtsezkoa dela. Beraz, saiatu egin behar da zenbaiten ez jakiteak, hutsegiteak edo axolagabekeriak gainerako guztien ardura eta ahalegin zintzoa ez zapuztea.
–Kontzientziazio kanpainan, ostatuak ere, legezkoak zein legez kanpokoak, kontuan hartzea. Izan ere, Parte Zaharrean ostatu hartzen duen jende kopurua oso kontuan hartzeko da.
–Urrian eta azaroan Parte Zaharrean bildutako zaborrari buruzko datuak zehatz-mehatz jasotzea. Datuok, urtarriletik aurrera lortutakoekin alderatuta, erakutsiko digute zein puntutaraino aurrera goazen birziklatze bidean. Aldi berean, udalak, helburu bezala, gutxienezko birziklatze tasa bat jarri beharko luke: hasieran, %50; gero, %60.
–San Tomas, San Sebastian eta beste jai batzuetan beira bilketa bereziak egiteko aukera aurreikustea.
–Beira bilketan sortutako zarata gutxitzeko aukera aztertzea.
Bestalde, bukatu baino lehen, gogoeta bat. Udalak Parte Zaharreko zabor bilketaren arazoari behingoz heldu diolako pozik gaudela garbi utzi dugu.
Dena dela, garbi utzi dugu ere sistema berria minimoetakoa iruditzen zaigula, aldaketa egiturazkorik edo estrukturalik suposatzen ez duen neurrian.
Hala ere, udalak bere buruari helburu bat jarri dio: 2016an, %60 birziklatze tasa. Eta, gure ustez, helburu hori lortuko bada, aldaketa estrukturalak ezinbestekoak dira, Parte Zaharrean zein hiri osoan.
Aldaketa horien bidean aurrera egitea eta, ondorioz, %60 birziklatze tasa (edo are handiagoa ere) lortzea estu-estu lotuta dago ondoko galderari ematen zaion erantzunarekin: birziklatzeak jarraitu behar al du izaten herritar kontziente eta arduratsuen borondate onaren fruitu hutsa, orain arte bezala, edo denon betebeharra da?