Urtebetean ehun jardueratik gora egin dituzte Antiguako gaztegunean
Mota guztietako jarduerak egin dituzte gazteek, hainbat eragilerekin elkarlanean: tailerrak, topaketak, ikastaroak, zinema eta antzerki emanaldiak, hitzaldiak, jardunaldiak, solasaldiak, kirol jarduerak, txapelketak… Eraikina txukuntzeko eta bertako baratzea lantzeko auzolana ere egin dute gazteek.
Villa Alegria Gazte Asanbladak kudeatzen du proiektua, eta edozein gazteri dago irekia, eta urbetean jarduerak antolatzeaz gain, hainbat euskarri sortu dituzte euren proiektuaren berri emateko: webgunea, sare sozialak eta irudi korporatiboa, besteak beste.
Elkarteak ere lehen urteko balorazio positiboa egin du: “Eraikinak duen erabilera berriari esker proiektu eta egitasmo berriak jaio dira auzoan. Hainbat egitasmo eraman dira aurrera, eta, ia kasu guztietan, ezin izango lirateke antolatu espazio hau gabe, gainera hainbat eragile hurbildu dira, ezberdinen batasun eta elkarlan honek sinergiak sortu dituelarik”. Elkartearen ustez pluraltasun horrek argi utzi du adin ezberdinetako taldeak, eta, batez ere, publiko ezberdina duten taldeak dabiltzala jarduerak antolatzen, eta, zentzu horretan, guztiek dutela lekua gogorarazi dute.
Urtebete igaro ostean proiektuak izandako emaitza ikusirik, lagapena beste urtebetez luzatzea onartuko du bihar, ostirala, Tokiko Gobernu Batzordeak.
Antiguako Villa Alegria gazteguneak lehen urtemuga bete du. Udalak iaz utzi zuen eraikina gazteen eskuetan prozesu parte hartzaile baten ostean. Naiara Sampedro, Gazteria zinegotziak adierazi du urtebetean proiektuak aurrera egin duela: “Lagapena egin eta urtebetera esan dezakegu proiektua bizi-bizirik dagoela, gazteen parte hartzea anitza eta zabala izan dela. Argi dago hutsik zegoen eraikinari bizitza eta kolorea eman diotela gazteek gune autogestionatu honen bidez; esperientzia pilotu hau eredugarria da”.