Karmelo Ikastetxeak 'Txanpon bat Guatemalara' izeneko elkartasun lasterketa egin du
Korrikalariek lasterketa amaitzerakoan, txanpon bat itsulapiko batean sartu dute.
Amara auzoko Karmelo Ikastetxeak elkartasun lasterketa bat antolatu zuen ostiral arratsaldean, Anoeta inguruan. Bertan, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko ikasleek eta Lehen Hezkuntzako ikasle guztiek Anoetako Estadioaren inguruan Txanpon bat Guatemalara izeneko elkartasun lasterketa egin zuten. Aurten, ikasleek ez ezik, guraso talde batek ere parte hartu du.
Ekimen honen helburu nagusia elkartasuna esperientzia atsegin baten bitartez sustatzea da. Horretarako, korrikalariek, euren lasterketa amaitu ondoren, edozein balioko txanpon bat itsulapiko batean sartzen dute.
Aurten bildutako dirua Karmelita Misiolarien Prokardeko izeneko GKEk Erdialdeko Amerikan daukan proiektu bati laguntza eskaintzeko erabiliko dute. Proiektu hau Guatemalako Jalapa saileko San Pedro Pinula udalerrian dago. Bertan, Francisco Palau izeneko Zentroak duen Elikadura Integrala Sustatzeko Programa xede izan dute. Programa honen bitartez, muturreko pobrezia pairatzen duen zonalde honetako haur txikien desnutrizioa saihestea, emakume gazteen haurdunaldia zaintzea eta pertsona helduen bizi baldintzak hobetzea lortu nahi dute.
Horrenbestez, ikasturte honetan zehar, beste jarduera batzuk antolatuko dituzte, elkartasuna oinarri hartuta.