Langabe kopurua eta etxebizitza arloarekin kezkatuta dago oposizioa
Udal gobernuak azken hiru urte eta erdian –agintera iritsi zenetik– egindako lanari buruz hitz egin du oposizioak, gaurko ez ohiko udalbatzarrean. Etxebizitza arloan ezer gutxi egin duela kritikatu du, eta ekonomia suspertzeko eta aberastasuna sortzeko proiektu zehatzik ez duela aurreikusi nabarmedu du. Era berean, kale, plaza eta parkeen egoera ere aipatu du kezken artean.
EAJko bozeramaile Eneko Goiak Donostiak sustatu beharko lituzkeen ekimenak zerrendatu ditu. 11.200 langabe daudela kontutan hartuta, lehentasun nagusia egoera ekonomikoa konpontzea dela esan du, eta zenbait proposamen luzatu ditu bide horretan. Ezagutza, ikerketa eta industria sustatzea, merkataritza arloari bultzada ematea eta Donostia aisirako eta kongresuetarako behar bezala prestatzea izan dira aipatutako batzuk. «Zertaz biziko da Donostia etorkizunean? Aberastasuna nola sortu jakitea da gakoa», adierazi du Goiak. «Ekitaldi eta kongresuei dagokienez, irudipena dut Donostia duenarekin bizitzen ari dela, eta ekitaldi berriak garatu beharko lirateke. Horretarako azpiegitura egokiak behar dira; Anoeta, kasu. Kontzertu garrantzitsuak jasotzeko orduan, esaterako, indarra galdu dugu», erantsi du.
PPko bozeramaile Ramon Gomezek, bere aldetik, udal gobernuak ez duela «etorkizunera begira inongo ikuspegirik» azpimarratu du: «Alkatearen agerraldia hutsa izan da, edukirik eta autokritikarik gabe. Zein hiritan bizi da alkatea? Zein planetan?».
Bilduk etxebizitza publikoan ez duela ezer egin salatu du, eta kaleen egoerari buruz ere iritzia eman du: «Hiriak mendi bideak dituela dirudi, kaleak beharrean».
Legegintzaldiko hainbat pasarte ekarri ditu gogora Gomezek. Hala, alkatea ez dagoela Urumeari begira esan du, «igeldori begira baizik», eta Donostia 2016 hiriburutzarekin «oso kezkatuta» dagoela adierazi du PPko bozeramaileak, «proiektu eta babesle faltagatik».
PSE-EEko bozeramaile Ernesto Gascok, berriz, legegintzaldiko zenbait datu eman ditu, udal gobernuaren «kudeaketa txarraren adierazle». Legegintzaldiaren hasierarekin alderatuta, egun 2.000 langabe gehiago daudela ohartarazi du. Bestalde, aipatu du babes ofizialeko 24 lizentzia bakarrik bideratu dituztela hiru urte hauetan. Donostiako metro koadroa Estatuko garestiena dela esan du, era berean, eta legegintzaldian 1.300 denda itxi dituztela azpimarratu du.
Gascoren hitzetan, «ez dago Bilduk bere markarekin bultzatutako proiekturik abian, eta ez dute etorkizunera begira egitasmorik planteatu».