Ernesto Gasco PSE-EEko bozeramailea. (Argazkia: PSE-EE)
Ernesto Gasco Donostiako PSE-EEko bozeramaileak hiriko alkate izateko hautagaitza aurkeztu du.
Oraindik ez da PSE-EEren alkategai ofiziala, baina “hiriak behar dituen proiektuak” aldarrikatzen jarraituko duela zin egin du Ernesto Gascok. Amaran topoaren trenbidea lurperatzea, Karlos I. aren hiribideko saihesbidea ixtea eta jaietako egitaraua hobetzeko lan egingo duela adierazi du, “zuzenketen bidez eta dagokien erakundeen bidez”.
Easo plazan egin du bere hautagaitzaren aurkezpena, zinegotzia bera jaio zen auzo berean. Donostia berriz ere “etorkizuneko hiria” izateko eta “ilusioa” duen hiria izateko konpromisoa hartu du. Bertan, Amaran, ETAren lehen atentatua izan zela esan du Gascok. Begoña Urroz zena izan du gogoan, eta ETAren lehen biktimatzat jo du. Bakea sozialisten eskutik iritsi dela esan du, eta Jose Luis Zapatero Espainiako presidente ohiak bake prozesuan jokatutako papera aldarrikatu du.
Odon Elorzak gidatutako legealdiak ere aldarrikatu ditu, eta “zintzotasunaren eredua” dela adierazi du. Donostiar izateaz harro dagoela esan du, eta Donostiako alkate izan nahi duten hautagai guztientzako aldarrikatu du sentimendu hori.
“Ez dut ezkutuan dabilen alkate bat izan nahi. Aurpegia ematen duen alkate bat izan nahi dut”, jarraitu du Gascok. PSE-EEren primarioetarako hautagaiak esan du alkatetza lortuz gero, ez duela hurrengoan jarraituko. Auzo guztientzat proposamen asko dituela esan du, eta astero Altzan eta beste zenbait auzotan izango dela azaldu du, auzotarren ideiak, kexak eta iradokizunak entzuteko.