Gaur amaitu du bere ibilbidea Gipuzkoa Donostia Aurrezki Kutxak
Jon Fernandez / Berria
Patronatuak 11 kide izango ditu, haien artean Gipuzkoako Aldundiak eta Donostiako Udalak hautatu ez dituzten ordezkariak. Batzarkideek onartu egin dute orain arte aurrezki kutxa zena banku fundazio bilakatzea, joan den ekainean BBK-k eta Vitalek egin bezala. Erabaki hori bertan behera utz zezakeen Gipuzkoako Aldundiaren proposamena ez bozkatzea erabaki du erakundeko zuzendaritzak. Horregatik batzar aretotik atera dira EH Bilduko ordezkari guztiak. Gainontzeko 39ek onartu egin dute Kutxa banku fundazio bihurtzea. Batzarkide horiek beraiek ontzat hartu dituzte fundazio berriaren estatutuak, eta haren osaketarako 30.000 euro jartzea. Fundazioaren ondarea 1,6 milioi eurorena izango da. Fundazio horrek 11 kide izango ditu. Haien artean daude EAJk proposatutako lau (haien artean Xabier Iturbe Kutxako lehendakaria), PSEk hautatutako hiru, PPk jarritako bat eta, langileen izenean, CCOOko kide bat. Gipuzkoako Aldundiari eta Donostiako Udalari lekua gorde diete patronatuan, Kutxaren bi erakunde sortzaileak direlako. Alta, bi erakunde horiek —Bilduren esku— ez dituzte beren ordezkariak aukeratu. Martin Garitanok, batzarrean sartzean, esan du ez dituztela izendatuko. Andia kaleko aretoaren kanpoan ere jokatu da aurrezki kutxaren azken eguna. Kutxabanken Pribatizazioaren Aurkako Plataformak deituta, kanpaldia egin dute goizetik. Kutxabank lapurrak, Alibabaren zuloa eta Iturbe dimisioa leloak atera dituzte kalera. Eguerdian egindako agerraldian, mobilizatzera deitu dituzte “PP, PSE, EAJ eta CCOOko oinarri sozialak”. “Denok gara herria, denok ditugu hipotekak, denoi eragiten digu Kutxak”, gaineratu dute. Ohartarazi dute gaur arratsaldean “gure Kutxaren, gure ondasunen eta gure aurrezkien lapurreta” egingo dutela batzar orokorrean. Haien ustetan, alternatibak badaude; hiru aipatu dituzte: “Gipuzkoako Diputazioarena, Ekai Centerrena eta PSE-EEko gazteriarena”. Kutxaren egoitzaren kanpoko kanpaldian Kutxaren kaltetuak daude, besteak beste: etxegabetzeko arriskuan daudenak, IRPH indizearen kaltetuak, abalistak eta funts putreei saldu dizkieten maileguen zordunak. “Herritarren zerbitzurako Kutxa bat nahi dugu, soziala eta publikoa, aurreztaileen eta enpresa txikien interesen zerbitzura dagoena”, azaldu dute. Kutxako batzarkideak egoitzara sartzerakoan, kazerolada egin dute. “Pribatizatu egingo dute, herritarrok geldiarazten ez baditugu”, nabarmendu dute. Eztabaidarik ez Banku fundazio bihurtu beharrean, Kutxa fundazio arrunt bat bilakatzeko eskatu zuen diputazioak, horrela errazago bermatuko litzatekeelako Kutxaren gaineko kontrol soziopolitikoa, eta hark Kutxabanken dituen akzioak esku pribatuetan ez erortzea. EH Bilduk gogor salatu du Gipuzkoako Aldundiaren proposamena ez eztabaidatzeko erabakia. “Agerian utzi dute ez dutela eztabaidarako borondaterik […] aurretik BBKn eta Vitalen gertatu bezala, azken urteetako lapurretarik handiena egin nahi dutelako Gipuzkoako herritarren eta instituzioen kontura”, ziurtatu zuten atzo Ainhoa Beola eta Joseba Permach koalizioko kontseilariek. “Duela 150 urte, Donostiako Udalaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrezki kutxak sortu ziren, eta bihar [gaur] EAJk, PPk, PSEk, CCOOk eta Pixkanakak ondare hori guztia, 1.500 milioi eurokoa, bederatzi pertsonaren esku utzi behar dute [patronatu berriko kideak]”. “Eskandalu itzelaren” aurkako mobilizazioetan parte hartzera deitu zuten Beolak eta Permachek. Batek zein besteak hitza hartu dute batzarrean, eta gogor salatu dute alternatibak ez eztabaidatzea. Une batean, Beolak hitz egin behar zuenean, argindarra moztu dietela ere kritikatu dute. Bozketa izan aurretik alde egin dute batzar aretotik, EH Bilduk izendatutako beste batzarkideek bezala. Kalean Beolak azaldu duenez, “akzioen salmenta dagoeneko martxan dago”.