Jazzaldia: tokian tokiko taldeen hautaketa prozesua
50. Jazzaldiak euskal jazz taldeen aldeko apustua berretsiko du. Berriz ere, hautaketa prozesuan gailentzen diren tokiko hamar talde, eta azken urtean diskoa plazaratutako beste bost sartuko ditu egitarauan. Jaialdia 2015eko uztailaren 22tik 26ra egingo da.
Jazzaldiko egitarauko 10 kontzertu hautaketa prozesu baten bidez sailkatutako hamar taldek eskainiko dituzte, eta beste bost 2014an diskoa plazaratutako beste bost taldek. Horrez gain, jaialdiak euskal jazz musikarien beste proiektuak ere aukeratu ahal izango ditu, iaz Iñaki Salvador, Hasier Oleaga, Guillermo Lauzurica, Sabin Bikandi, Kukai Dantza Konpainia, Aitor Furundarena eta Delorean kasu.
Hautaketa prozesuan parte hartzeko, taldeek Jazzaldiaren webgunean (www.heinekenjazzaldia.com) hautaketa prozesu honetako oinarriekin batera zehazten den materiala (musika grabatua, dokumentazioa…) bidali beharko dute Heineken Jazzaldira, azaroaren 19a baino lehen.
Jasotzen diren proposamen guztien artean, 50. Heineken Jazzaldiaren Batzorde Antolatzaileak 15 talde hautatuko ditu, aurkeztutako musikaren kalitatea eta Jazzaldiaren programazio estilora zenbateraino egokitzen diren kontuan hartuta. Hamabost talde horiek Donostiako klub eta lokaletan joko dute oraindik izendatu gabeko datetan (bat eguneko), 2015eko urtarriletik apirilera bitartean. Joaldien datak eta lekuak hedabideei jakinaraziko zaizkie interesaturik legokeen entzuleriak joateko modua izan dezan.
Emanaldien ondoren, Jazzaldiaren Batzorde Antolatzaileak, entzuleen erreakzioa kontuan harturik, azkenean programan sartuko diren hamar taldeak aukeratuko ditu.
Hautaketa prozesuan parte hartzeak ez du lehiaketa izaerarik izango: prozesuaren xede bakarra 50. Jazzaldian parte hartuko duten tokiko taldeak hautatzea izango da.