Udalak ia 750.000 euro bideratuko ditu garapenerako lankidetza, sentsibilizazio eta hezkuntza alorretara
Diru laguntzak bi alor ezberdinetara bideratuko dituzte. Batetik, lankidetzara, hau da, beste herrialdetan proiektuak garatzen dituzten gobernuz kanpoko erakundeetara (523.385 euro) eta, bestetik, sentsibilizaziora eta garapen hezkuntzara, hau da, hemen kontzientziazio lanak egiten dituzten irabazi asmorik gabeko elkarteetara (224.308 euro).
Tokiko Gobernu Batzordeak ostiralean hartu zuen erabakia: iazko kopuruari eutsiz, garapenerako lankidetza, sentsibilizazio eta hezkuntza alorretan diharduten irabazi asmorik gabeko erakundeek iazko diru laguntza kopuru bera jasoko dute; ia 750.000 euro. Jon Albizu Lankidetza zinegotziak adierazi du elkarte hauek egiten duten lana aitortu beharra dagoela, herrialde txiroetan garapen politiko, sozial eta ekonomikoa erraztuko duten proiektuak sustatzen ari direlako: “Udal gobernuarentzat lankidetzako gastua gastu soziala da. Ez da soilik elkartasun kontu bat, mundu justuago eta orekatuago bat bermatzeko eraldaketa soziala ezinbestekoa da; egungo gizarte eredua aldatzean dago gakoa, hau da, soilik gizarte eredu justu batek ekarriko du mundu justuago bat”, esan du Albizuk.
Garapenerako lankidetzako proiektuentzako diru laguntzen deialdira 39 proiektu aurkeztu dira, eta horietatik bederatzi lagunduko dituzte diruz. India, Mozambique, Guatemala, Bolivia, Palestina, Nikaragua, eta El Salvadorren hainbat proiektu gauzatzeko baliatuko dute dirua garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek. Berdintasuna eta emakumeen eskubideak bermatzea dute ardatz proiektuek, eta baita elikadura subiranotasuna bermatzea eta giza eskubideak errespetatzea ere.
Sentsibilizazioa eta garapenerako hezkuntzara bideratutako proiektuen deialdira, berriz, 21 egitasmo aurkeztu dira eta horietatik hamarrek jasoko dute babesa. Eraldaketa soziala, berdintasuna, kontsumo arduratsua, ingurumenaren babesa, emakumeen eskubideak, bidezko merkataritza, kultur aniztasuna eta giza eskubideen defentsaren aldeko proiektuak dira diruz lagunduko dituztenak.