Herrerako zaharren etxera sartzeko eskailerak. (Argazkia: EAJ)
Herrera eta Intxaurrondoko erretiratuen egoitzetako kasuak nabarmendu dituzten arren, hiriko zaharren etxe eta erretiratuen egoitza guztiak aztertu eta bakoitzaren beharrak zehaztu behar liratekeela uste dute jeltzaleek. Izan ere, Martin Ibabe zinegotziak adierazi duenez, “jendartea gero eta helduagoa da, eta irisgarritasun egokia bermatzea ezinbestekoa da beren bizi kalitatea bermatzeko”.
Aspaldiko eskaerak izan arren, udal gobernuak hiriko zaharrekin mugikortasunari dagokion “zor” bat duela esan du Ibabek: “Gai honetan udal gobernuak ez du neurririk hartzen, eta zaharren eta jubilatuen egoitzetako zerbitzuak eta eskaintza hobetzen ahalegin handia egiten bada ere, askotan zerbitzu horiek guztiak alferrikakoak izaten dira irisgarritasun arazoak direla eta”.
Martin Ibabe, EAJko zinegotzia. (Argazkia: Agurtzane Altuna)
Herrerako Aterpe egoitza jarri du adibidetzat. Ibaberen arabera, 200 bazkide ditu eta 2011. urtean iada sarrera egokitzeko eskaera egin zuten udaletxean, baina ez dute erantzunik jaso. Metalezko eskailerak dituzte egoitzara sartzeko.
Intxaurrondoko erretiratuen egoitzaren egoera ere antzekoa dela salatu du Ibabek. Horregatik, berehalako neurriak hartzeko eskatu dio udal gobernuari.