Elbarriek ere parte hartuko dute Behobia-Donostian
Kemen elkarteari esker, 30. aldiz lehiatuko dira urritasun fisiko zein psikologikoak dituzten kideak.
Behobia-Donostia lasterketak 30.000 korrikalari inguru mugituko ditu igandean, bere 50. urteurrenean. Korrikalariak baino lehen, ordea, 50 elbarri baino gehiagok egingo dute ibilbidea. Izan ere, Kemen elbarrien elkarteari esker, urritasun fisiko zein psikologikoak dituzten lagunek Behobia-Donostian parte hartzeko aukera izango dute, 30. aldiz. Horretarako, ordea, ezinbestekoa izango dute aurten ere musutruk lan egiten duten pertsonen laguntza, eta aurten ere 250 lagun inguru izango dira. Gipuzkoako Kirol Egokituaren Federazioa, Pasai Antxio eta Egiako zikloturista taldeak, Hernades, Gipuzkoako Zikloturista Federazioa, Irungo Azken Portu kiroldegia, Jaia bizikletak eta Alaia izango dira boluntariotza lanetan arituko direnak.
Honakoak izango dira Behobia-Donostian parte hartuko duten elbarriak: Aulki gurpildunean 6, Handbikean 22, ikusmen arazoak dituzten 16, urritasun psikologikoak dituzten 6, eta patinetan 2. Patinetan lehen aldiz arituko dira urritasunak dituzten kideak; zehazki, Serafin Zubiri musikari ezagunak egingo du patinen gainean ibilbidea, eta Kemeneko kide Alain Irazuk, berriz, hanka bakarra duenez, patin bakarrarekin eta bastoien laguntzarekin egingo du erronka.
Javier Imaz Kemeneko presidentearen hitzetan, Behobia-Donostia oso erakusleiho garrantzitsua da beraientzat. Presidenteak aipatu duenez, murrizketak tarteko, aurten lehen aldiz elbarriek lasterketako izen ematea ordaindu beharko dute. Ibilbide aldaketari dagokionean, Imazek ez du uste oztoporik izango dutenik: “Gaintxurizketara iritsi arte ibilbidea betikoa izango da. Lehen zailtasunak zekartzan Lezoko gorabeheren zatiak, eta orain, Errenteriako Kaputxinoetan egongo da igoera gogorra. Herrera eta Mirakruz Gainaren tarteak zaila izaten jarraituko du, betiko moduan. Ez dut uste alde handirik egongo denik”. Edonola, elbarrien irteera 9:30ean izango denez, herritarrak animatu nahi izan ditu, 10:15erako Bulebarreko helmugan egon daitezen.
Kemen Saria, Imanol Elkoroberezibarrentzat
Azken urteetan egin duen moduan, Kemen elkarteak aurten ere boluntario bat saritu du Kemen Sariarekin. Imanol Elkoroberezibarri eman dizkiote aurtengoan Kemeneko makila eta txapela, eta pozik jaso ditu oroigarriak. Kemenek egiten dituen jardueretan boluntario lanak gogoz egiten ditu maiz Elkoroberezibarrek, eta Behobia-Donostiako korrikalari fina da. Hala, aurten 25. urtez egingo du lasterketa, eta horretarako Eibarko bere prestatzaile Inmari esker, gogor entrenatzen ari da. Izan ere, ordubete eta 29 minutuko bere marka pertsonala berdintzea jarri du helburutzat. Imanol Elkoroberezibar Bergarakoa da izatez, baina Eibarren bizi da, eta 54 urte ditu. Asteburu honetan, lasterketaren bezperan, boluntario lanetan arituko da.