Lehen hilabetean hiriko 318 denda eta tabernak bat egin dute euskara sustatzeko kanpainarekin
Merkataritzan eta ostalaritzan ere euskaraz‘ kanpainaren balorazioa egin dute, abian jarri zutenetik hilabete igaro denean. Nerea Txapartegi, Euskara arduraduna pozik agertu da kanpainak izandako harrerarekin: “Hilabete batean 318 denda eta tabernak bat egin dute kanpainarekin. Establezimendu horietan bezeroei arreta eskaintzen ari diren langileen erdiek edo gehiagok euskaraz ondo hitz egiteko gaitasuna dute eta hori jakinarazteko eranskailu bat jarri dute. Horrela identifikatu egin dira, eta bezeroek hori ikustean bertan euskaraz egin dezaketela badakite. Gainera, lehen hitza euskaraz egiteko konpromisoa ere hartu dute eta euskaraz egin nahi duen bezeroari aukera hori bermatuko diote”.
Hasiera batean, Parte Zaharra, Intxaurrondo eta beste bederatzi kale komertzialetako (Secundino Esnaola, Karmengo Andre Maria, Antso Jakituna, Madrid hiribidea, Garibai, Hondarribia, Urbieta, Matia eta Larratxo) establezimenduetan garatu dute kanpaina. Era askotarikoak izan dira gainera: dendak, arrandegiak, harategiak, tabernak, jatetxeak, bidaia agentziak, botikak, ile-apaindegiak, optikak, okindegiak…
Euskara bermatze duten guneen mapa
Kanpainan parte hartu duten denda eta taberna gutiak mapa interaktibo batean islatu dituzte. Euskaraz.net webgunean, Merkatari atalean jarri dituzte ikusgai. “Hala, bezeroek, bertakoek nahiz kanpotik datozenek, badakite non artatuko dituzten euskaraz”, esan du Txapartegik.
Mapa hori handituz joango da gainera,’Merkataritzan eta ostalaritzan ere euskaraz’ kanpainak ez baitu etenik izango. Lehen emaitzekin gustura, bigarren urrats bat egingo dute, eta kanpaina hiriko beste hainbat gunetara zabalduko dute.
Dena dela, kanpainarekin bat egin nahi duen edozein denda edo tabernak Euskaraz.net webgunean egin dezake eskaera. Nerea Txapartegik horretara gonbidatu ditu ostalari eta merkatari guztiak: “Alor hau gakoa da euskararen normalizazioa garatzeko. Donostia euskararen hiria da eta leku guztietan sustatu nahi dugu euskararen erabilera, administrazioan, baina baita denda, taberna, jatetxe eta abarretan; bezeroak euskaraz ere artatuak izango direla bermatu nahi dugu, leku publiko zein pribatuetan, eta horretarako jarri dugu abian kanpaina hau”.
Lehiaketa bat jarri dute abian
Kanpainaren bigarren faseari bultzada emateko bideo bat zabalduko dute datozen egunetan, hiriko hainbat leku eta euskarritan. Horrekin batera, lehiaketa bat jarri dute abian. Parte hartzaile guztien artean 50 euroko 10 txartel zozkatuko dituzte, kanpainarekin bat egin duten establezimenduetan erabiltzeko.
Bi modu daude lehiaketan parte hartzeko. Twiter bidez @euskaraz ‘atsegin dut’ sakatu edo laguna izan, eta txio bat idatzi behar da, #ereeuskaraz traola erabilita. Bestetik, kanpainaren eranskailua duen denda edo taberna batera joan, euskaraz hitz egin eta bertan emango duten txartel bat betetzea nahikoa izango da lehiaketan parte hartzeko.
Kanpainaren bigarren fasearekin batera lehiaketa bat jarri dute abian; 50 euroko 10 txartel zozkatuko dituzte parte hartzaileen artean.
‘