Pilareko Ama klinika itxiko dute
1947an ireki zuten Intxaurrondoko osasun zentro pribatua. Klinika ez ixteko hainbat neurri hartu dituztela plazaratu dute, langileak berrantolatzea eta negozio linea berriak bilatzea, besteak beste. Hala eta guztiz ere, klinikan artatutako gaixo kopurua izugarri jaitsi dela esan dute, batez ere Osakidetzatik etorritakoak.
Enpresa komiteari jada erabakiaren berri eman diotela azaldu dute, eta zentroaren zuzendaritza 97 langileak beste zentro batzuetara eramateko lanean ari dela. Abenduaren 8an itxiko ditu ateak klinikak eta ordu arte gaixoak bertan artatuko dituzte, Zarategi pasealekuan. Ondoren, beste zentro batean artatuko dituztela argitu dute oharrean.
Abenduaren 8an itxiko ditu ateak, “diru sarrerak etengabe jeitsi direlako”; 97 pertsonak lan egiten dute Intxaurrondoko osasun zentro pribatuan.
Azken hiru urtean diru sarrerak %45 jaitsi direla adierazi dute, eta pilatutako diru galera lau milioi eurotik gorakoa dela. Klinikaren jabeek kapital gehiago (2,8 milioi euro) jarri zuten 2012. eta 2013. urteetan, zailtasun ekonomikoei aurre egiteko. Gainera, 2,3 milioi euro maileguz eskatu dituztela azaldu dute ohar baten bidez.