IRPH indizea aplikatzeagatik kaltetutako 30 familiak salaketa aurkeztu dute
Kutxabanken kudeaketa okerra salatu dute, eta EAJ, PP eta PSE-EEri erantzukizuna eskatu diote.
Duela urtebete inguru, Europan IRPH indizea indargabetu zuten, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak, besteak beste, Kutxabanki indizea aplikatzeari uzteko eskatu zioten. Hala ere, IRPH Erakundeak indizea aplikatzen jarraitzen duela adierazi dute IRPH Stop elkarteko kideek, bereziki babes ofizialeko etxebizitzen maileguetan. Epaileek aurkeztu zituzten hiru salaketei arrazoia eman ostean, gaurkoan beste 30 salaketa jarri dituzte, Egiako epaitegian. “Hiru kasuetan justiziak ebatzi du IRPH indizea aplikatzea legediaren aurkakoa dela, eta Kutxabank zigortu du indizearen arabera ordaindutako kuota guztiak berriro kalkulatu eta salaketa jarri dutenei bidegabe kobraturikoak itzul ditzan”. Goizean egin dituzten aurretiazko saioek ildo hori jarraitzea espero du Maite Ortiz abokatuak, eta indizea baliogabetzat jotzea kasu guztietan.
Bestalde, epaitegian sartu baino lehen, elkarretaratzea egin dute. Bertan, kaltetutako familiek Xabier Iturberen dimisioa eskatu dute, Kutxako lehendakari gisa IRPHarekin egin duen kudeaketagatik; eta EAJ, PSE-EE eta PPri zenbat epai egongo diren galdetu diete. “Alderdi horiek, Kutxabanken kudeaketaren erantzule politiko direnak, lapurreta honen errudun dira ere bai; gainera, aurreko astean bozkak elkartu zituzten Gipuzkoako Batzar Nagusietan IRPHaren kaltetuentzako justizia eskatzen zuen ebazpen bat onartua izan ez zedin”.
“Gauza asko ezin ordaindu ibili gara”
IRPHa gehiegizko erreferentzia indize bat dela, eta Gipuzkoan hamar mila familiak pairatzen dutela gogorarazi dute: “Milaka familiaren ekonomian eragin kaltegarriak izan dituzte, eta kasu askotan etxebizitzen kaleratzeak ere”. Horixe da Marian Rodriguez aietearraren egoera. Izan ere, Kutxabank Marian eta bere hiru seme-alabei Donostian duten babes ofizialeko etxebizitza “kentzeko zorian” dagoela salatu dute, eta horregatik donostiar honek ere IRPH Erakundeak indizearen aplikazioa bertan behera uzteko eskatzen du. “Kutxabanken jazarpena zortzi urtez jasan behar izan dut. Adostasun bat lortu nahi dut erakundearekin, baina ezinezkoa da. Duela hilabete batzuk oso gaizki nengoen, lansaria bahitu zidaten eta etxea galtzea ez zitzaidan inporta. Baina elkartera jo nuen eta orain hobeto nago, asko lagundu didate”. Rodriguezen etxebizitza babes ofizialekoa denez, aietearraren ustez Eusko Jaurlaritzak hartu beharko luke, eta berari alokairuan eskaini.
Iñaki Colina amaratarrak hamar urte damaratza IRPH indizea ordaintzen. Kutxabankekin hipoteka sinatu zuenean indizea ez zegoen hain altu, baina azken urteetan nabarmen igo da: egun, %4koa da eta Euribor +1 indizea, berriz, %0,5 inguruan dago. “Kutxabank IPRH eta Euribor +1 indizeak berdintsuak zirela esan zidan, gauza bera izango balira bezala saldu zidaten. Baina gero erakutsi da kutxen arteko indize bat dela eta ez duela betetzen Europak indize hipotekarioei buruz dioena”. Luzarora konturatu den arren, hilabetero, gutxi gorabehera, 250 euro gehiago ordaindu dituela adierazi du eta gaurko epaiketan kopuru hori bueltatu diezaioten eskatu du.
Herreran bizi den Juan Manuel Lorenzok ere bere egoera azaldu dio IRUTXULOKO HITZAri. “Hipoteka sinatu nuenean, Euribor+1 indizea negoziatu nuen Kutxako langile batekin, baina urteak pasa zirenean IPRH indizea nuela ikusi nuen. Ez nekien zer zen ere eta arraroa iruditzen zitzaidan; denon hipotekak jaisten ari ziren, eta nirea igotzen”. Hilabetean 300 euro ordaindu behar izan dituela adierazi du, eta guztira, 5.000 euro inguru zor dizkiotela kalkulatu du. “Ni orain lana daukat, baina oso gaizki pasa dut, gauza asko ezin ordaindu ibili gara. Gainera, ez badugu ordaintzen, bankuak etxebizitza kenduko digula esan digu”. Herritarrek epaitegian ez dutela bukatu behar uste du, eta gobernuari gaian eskuhartzeko eskatzen dio.