Josu Ruiz eta Euken Sese, Barometroaren datuak azaltzen. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Hiriaren produkzio egitura gutxitu arren, enpresen lehiakortasuna hazi egin dela adierazten dute 2013ko Barometroaren datuek
Krisi ekonomikoa mantendu arren, azken urtean hiriko ekonomia hazi egin da Donostiako Barometroaren datuen arabera. Sustapenak prestatutako 2013ko txostenean azaldu duenez, BPGa Barne Produktu Gordina %1,4 igo da (881,1 milioi euro), batez ere enpresen lehiakortasunari esker. Horrekin batera, 2013ko langabeen kopurua aurreko urteetan baino txikiagoa izan da; guztira 11.193 langabe erregistratu dituzte, 2012an baino 90 gutxiago. Aurten ere langabeen kopurua gutxitzea espero dute.
Orokorrean, 2013ko Donostiako langabezia tasa %12,7 izan da; langabetuen erdia baino gehiago emakumeak dira (%52,4) eta gizonezkoak, berriz, %47,8. Dena den, badira tasa hori gainditzen duten auzoak: %15,9 Altzan, %14,9 Mirakruz-Bidebietan, %14,3 Intxaurrondon, %13,8 Egian eta %13 Loiolan. Sektore zigortuenak eraikuntza (%4,5 jaitsi da) eta higiezinen arloa dira. Saltoki txikien kopurua ere %1,9 murriztu da, eta aurreko urteetan baino 57 saltegi gutxiago daude. Hala ere, jaitsiera nabarmen moteldu da aurreko urtetako datuekin alderatuta.
Bestalde, zerbitzuak hazi egin dira azken urtean, Barne Ekoizpen Gordina (BEG) adierazlearen arabera. Merkataritzak jarrera positiboa izan du, eta baita ostalaritzak ere; garraioek berriz, galerak izan dituzte. Horrela, orokorrean %1,1 hazi dira zerbitzuak, batez ere ostalaritzaren igoerari esker (urteko ostatu gauak %3,2 igo dira). Azkenik, Nekazaritzaren eta Industriaren sektoreek ere jarrera positiboa izan dute, %6,85 eta %6,45 igota, hurrenez-hurren.
Josu Ruiz Garapen Ekonomikoko zinegotziaren arabera, Donostiako egoera ekonomikoa egonkorra da: “Ez gara burbuila batean bizi, eta egia da egoera ekonomikoa ez dela ona. Baina BPGaren igoera datu pozgarria da, inguruko hirietan baino hobeto gaude”. Gipuzkoako datuekin alderatuta, Donostiako egoera hobea dela aipatu du Ruizek: “Inguruan ez da horrelako igoerarik erregistratu. Esate baterako, Gipuzkoako langabezia tasa %13,8 da”. BEG ere %1,2 igo da (59 milioi euro) 2012ko datuekin alderatuta. Zinegotziaren esanetan, datuek erakusten dute hiriak baduela krisi ekonomikoari aurre egiteko gaitasuna.
Egonkortasun horretan, datu kontraesankorrak aurkitu ditu Sustapeneko zuzendari Euken Sesek. Alde batetik, “hiriko enpresak lehiakorragoak dira eta gehiago ekoizten dute, eta horregatik igo da BPGa; baina bestetik, geroz eta saltoki gutxiago daude”. Balantzea positiboa den arren, oraindik lanpostuak sortuko dituzten politikak egiteko beharra aipatu du Sesek: “Hiriak eutsi egin die krisi ekonomikoaren ondorioei, eta oso pixkanaka egoera hobetzen hari dela esan genezake”. Smart City estrategia nabarmendu du Sesek; kontsumo eredu berriei esker, ura, CO2 igorpenak eta elektrizitatearen kontsumoa jaitsi dira, eta energia berriztagarrien erabilera berriz, igo.
Biztanle gutxiago
Datu ekonomikoak arinki hobetu diren arren, demografikoak ez dira horren positiboak. Atzerriko biztanleria %5,4 jaitsi da azken urtean, hiriko demografia %0,2 gutxituz. Hala, Donostian 186.125 pertsona ziren 2013ko abenduan. Gainera, hiritarren batez besteko adina 44,9 da (emakumeak 46,77 eta gizonak, 42,75) eta helduen biztanleria (64 urtetik gorakoak) handituz doa, %22,2. Gizarte zerbitzuak ere hazi egin dira, eta 2013an 13,124 familiek behar izan dituzte Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzuen arretak. Familia behartsuen kopurua %0,9 jaitsi arren, laguntza ekonomikoak igo egin dituzte.
Bestalde, hezkuntza, aisialdi eta kulturak utzitako datu positiboak bildu dituzte txostenean. Hiritarrek heziketa maila altua dutela adierazi dute bertan, eta besteak beste, %53,6ak euskaraz egiten ditu ikasketak, erdiak baino gehiago, hain zuzen ere. Hiriko kultur etxeen jarduera %20,2 igo da 2012ko datuekin alderatuta, eta kiroldegien erabilera, berriz, %4,1. Azkenik, Donostiako Zinemaldiaren 61. edizioan ikusle kopurua %6,7 igo zela aipatu dute.
Barometroaren datu osoak ezagutzeko sartu
Sustapenaren orrialdean.