Suhiltzaileak, Birmingham kalean. (Argazkia: Patricia Galdos)
Birmingham kaleko 5. zenbakiko azken pisuan, zazpigarrenean, gertatu da. Suhiltzaileak bertan daude eta sua kontrolatzea lortu dute. Suhiltzaileek adierazi dute lan zaila eta arriskutsua izan dela. Sua itzaltzen ari zirela leherketa bat izan da, eta ia suhiltzaile bat harrapatu du. Bonbero parkeko langile guztiek parte hartu dute gaur eguerdiko interbentzioan, eta errefortzuak eskatu behar izan dituzte.
Sua azken pisuan piztu da, eta ganbarara eta teilatura zabaldu da. Ke asko atera da, eta bizilagun bat artatu behar izan dute ke asko arnastu duelako.
Bizilagunak etxetik aterarazi dituzte. Zain daude kalean, informazio gehiago eskuratzeko. Alkatea bera ere joan da gertatutakoa ikustera.
Sutearen abisua 12:45ean jaso dute, eta 12:52ean bertaratu dira suhiltzaileak. Sutea itzali eta 4 atari hustu dituzte, 3 Bermingham kalean eta beste bat Zabaleta kalean. Bertan izan dira, Suhiltzaileez gain, Gizarte Larrialdietarako Udal Zerbitzuko kideak, Osakidetza, Ertzaintza, Udaltzaingoa eta DYA. Sutearen ondorioz etxebizitza batek “erabateko ezbeharra” izan du, baina ez da bestelako kalterik izan. Sutearen arrazoiak aztertzen ari dira eta hustutako etxeetara bizilagunak arratsaldean bertan itzuli ahal izango dira.