Ergometroz beteko dute Bentaberri kiroldegia
Donostiako XVI. Estropada Herrikoia antolatu du Vermont enpresak larunbaterako.
Bentaberri kiroldegia arraunzalez beteko da datorren larunbatean. Izan ere, Donostiako XVI. Estropada Herrikoia antolatu du Vermont enpresak, hamaseigarren urtez. Hainbat ergometro jarriko dituzte kiroldegian, eta emakumeek zein gizonezkoek parte hartuko dute, makinetan arraunean eginez. Guztira, 380 lagunek eman dute izena aurtengo lehiarako, horietako 259 gizonezkoak eta 121 emakumezkoak. Lehenengo estropada 16:00etan hasiko dute, eta 20 txandatan jokatuko dituzte lehiak, azkena 19:00etan izango delarik.
Ergometroak pantaila handi batera konektatuak egongo dira, eta bertan, partaide bakoitza ontzi baten barnean ikusiko da, bere izenarekin. Hamabi urtetatik aurrerako lagunek parte hartuko dute, hainbat mailatan banaturik; horrela 250 metroetatik hasi eta 2.000 metrora bitarteko estropadak jokatuko dituzte. Partaideen artean Jorge Roberto madrildarra izango da zaharrena, 78 urterekin. Gimnasioetan ergometroa erabiltzen duten herritarrak zein arraunlariak arituko dira lehian, tartean, hainbat klubetako kideak: Zarautz, Deustu, Hibaika, Castro, Kaiku…