Donostiarren arteko sarea josi nahi dute
Euskal presoen sakabanaketaren berri emateko jaio da Sare Donostia, giza eskubideak babesten dituzten herritar guztiak batzeko helburuarekin.
Zuloaga plaza hainbat sarekideren elkargune izan da gaur arratsaldean. Izan ere, Sare Donostiaren aurkezpena egin dute bertan, musika eta dantza batuz. Euskal presoen sakabanaketaren berri zabaldu nahi du Sare mugimenduak, eta horretarako, giza eskubideak babesten dituzten herritar guztiak batu nahi ditu, bakoitzak bere aletxoa jar dezan. “Euskal preso, iheslari eta deportatu guztien giza eskubideen alde egingo dugu lan” dio banatu duten oharrak. Ekitaldi xumea izan da gaurkoa, baina ideia garbikoa, sarekideen kopurua handitzea.
Herritarrak protagonista izatea nahi dute, pertsona bakoitza sarearen gune bat izanik. “Bakoitzak berea duen inguruan egingo du lan; dela arlo akademikoa, kulturala, kirola, herria edo auzoa”, dio oharrak. Hala, Donostian auzoka baino mezua eremuka zabaldu nahi dutela adierazi dio Sareko Maddi Mochalesek IRUTXULOKO HITZAri. Azken batean, elkarren artean batuko dituena giza eskubideak errespetatzearen borroka izango da.
Kantujirako kideekin batera abestu dituzte Topa dagigun, Konponbidearen martxa, Oroitzen zaitudanean ama eta Zazpiak oihal batetik, Zuloaga plazan bildutakoek, eta kalejiran ere ibili dira. Hiriko pertsonaia ezagun batzuk ere parte hartu dute ekitaldian, tartean Iñaki Beraetxe aktorea eta Iker Lauroba abeslaria.
Sarekide egin dira gaurkoan hainbat donostiar, eta dispertsioaren berri ematen duen liburua ere hartu dute, Dispertsioaren liburuxka, mezua zabaltzeko asmoz. Hala ere, oraindik sare zabalagoa izatea dute erronka. Halaxe bota du Beraetxek Eñaut Gantxegirekin batera egindako esketxetako batean: “Pentsa zer nola Euskal Herria izango diagun dispertsioa bukatzean!”.