Villa Soroaren irekiera jaia egin du Zurriola ikastolak
Haur Hezkuntzako ikasleentzako egokitu du eraikina Groseko ikastetxeak, eta ia 300 umeren egoitza izaten ari da ikasturte berrian.
Zurriola ikastola maite duten hainbat eta hainbat lagunek bat egin dute gaur goizean, Villa Soroan. Azken urteotako erronkari aurre egin, eta eraikin berri bat lortu du Groseko ikastetxeak, eta gaur egin du irekiera ekitaldi ofiziala. Ategorrietan dago Villa Soroa, eta Haur Hezkuntzako eraikin moduan erabiltzen ari da ikastola, 2014-2015 ikasturtea hasi denetik, ia 300 ikaslerekin. Pozik agertu dira ikastolako kideak zein udal ordezkariak inaugurazioan. Izan ere, eraikina udalarena da, baina Zurriola ikastolari eman dio kudeatzeko baimena, lehiaketa irabazi ostean. Hala, momentu honetan, lau eraikin ditu ikastolak: Villa Soroa (Haur Hezkuntza), Ategorrietakoa (Lehen Hezkuntzako lehen mailatik laugarren mailara), Hurra (Lehen Hezkuntzako bosgarren maila, DBH eta Batxilergoa), Aita Barandiaran Lizeoaren Ibaetako eraikina (Lanbide Heziketa).
Familia giroko jaia
Txalapartaren erritmoa eta adarraren hotsa izan dira gaur irekiera ekitaldiari hasiera eman diotenak. Eraikin berriaren kanpoaldean elkartu dira hainbat eta hainbat lagun, jaian parte hartzeko prest. Oihana Maritorena aktorea arduratu da ekitaldia zuzentzeaz eta bertaratu diren guztien aurrean hitz egin du ikastolako jolastokian. Aurresku berezia dantzatu dute bi haurrek, trikitixa, bibolin eta gitarra elektrikoaren doinuaren laguntzaz, eta ondoren, Nekane Arzelai Artezkaritza Kontseiluko presidenteak hartu du hitza. Eraberritze lanak egitea ez direla batere errazak izan onartu du Arzelaik, baina elkarlanari esker oztopoei aurre egiteko gai izan direla azpimarratu du.
Eraikinaren barrualdera bisita egiteko aukera ere egon da. Guztia berria zela nabari zen eta barruan ere izan dira emanaldi bereziak: dantza, musika eta ikus-entzunezko bat. Ekitaldiaren bigarren zatian, txistulari batek doinu bat interpretatu du, ikastolako kide batzuk Dani Goñi irakasleak prestatutako bertso batzuk abestu dituzte, eta bukatzeko, hiriko alkateak hitz egin du: “Zoragarria, hunkigarria eta politta izan da gaurkoa”. Ekitaldian barrena aipatutako mezuak garbi ulertu dituela ere aipatu du alkateak, eta aurrerantzean ere elkarren berri izango dutela.
Ibilbidean pauso bat gehiago eman dute
Beharrezkotzat jotzen zuen ikastolak eraikin berri bat izatea, ikastola asko handitu baita azken urteetan, bereziki, 2008an Aita Barandiaran Lizeoarekin batu zenetik. Horrela, bi lerroko ikastetxea izatetik, hiru lerrokoa izatera igaro zen, hau da, maila bakoitzean 50 ikasle izan beharrean, 75 ikasle izatera. Beraz, ikasle horiei guztiei tokia emateko, eraikinak egokitu beharra izan dute.
1968ko urriaren 8an, Escuela Parroquial de San Ignacio izenarekin jarri zen abian gaur egun Zurriola ikastola dena, hiru andereñorekin. Errentan hartutako Ramon Maria Lili kaleko 8. zenbakian eman zituen lehen pausoak, hiru urtez. Ondoren, 1969-1970 ikasturtean lortu zuen ikastolak legeztatzea.