Gazteria zinegotzi Naiara Sampedrok eta Aztikerreko ikerketa koordinatzaile Asier Etxenikek aurkeztu dute haur, nerabe eta gazteen diagnostikoa. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Lehen aldiz egin dute hiriko 0 eta 30 urte bitarteko herritarren inguruko ikerketa.
Udalak hiriko haur, nerabe eta gazteen inguruko diagnosikoa argitaratu du lehen aldiz. Ikerketan 650 lagun inguru elkarrizketatu dituzte, 0 eta 30 urte bitartekoak, eta jasotako datuekin hiriko gazteriaren egoeraren inguruko lehen argazkia osatu dute. Ikerketa Aztikerrek egin du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren 28.800 euroko diru laguntzarekin, eta datu estatistikoak jaso dituzte, elkarrizketak, saioak, tailerrak, on line inkestak, telefono bidezko galdeketak eta saio parte hartzaileak eginez.
Diagnostiko zabala eta mardula egin du Aztikerrek, eta datu zehatzak lorzeko lau zatitan banatu ditu ikertutako biztanleak. Hala, lehen aldia da 0 eta 3 bitarteko haurren inguruko ikerketa egiten dena. Gainontzeko sailkapenak 4-6, 6-16 eta 16-30 urte bitartekoak dira.
Jasotako datuen artean aipagarria da Donostiako biztanleriaren adinaren egoera, izan ere, soilik biztanleen %26,9 dira 30 urtetik beherakoak. Aztikerreko ikerketa koordinatzaile Asier Etxenikeren esanetan, gazteen pisua behera doa: “Azken urtetan Donostiako biztanleria egonkor mantendu den arren, nabarmena da gazteen beheraldia. Galera hori bereziki 15 eta 29 urte bitarteko gazteengan ikusi dugu: 2001an %19,8 ziren, eta 2011an berriz %14,1”. Aldaketa horiek beriziki nabarmenak dira hainbat auzotan, esate baterako Erdigunean eta Grosen, non gazteen prontzentaila %22 ingurukoa den. Aldiz, Miramon-Zorroaga, Ibaeta eta Aiete dira gazte gehien dituzten auzoak, % 32 inguru.
Etxenikeren arabera, ezkontzak eta eskubidezko bikoteak ere beheranzko joera azaldu dute: “Orokorrean, familia eta elkarbizitza eredu ugariagoak erregistratu dira, eta baita kultur aniztasun handiagoa ere”. Euskararen inguruan, D eredua nagusi da hirian, haurren %84,2 matrikulatzen baita euskara hutsean. “Zenbat eta gazteagoak, orduan eta euskaldunagoak dira biztanleak”.
Gazteei gehien kezkatzen dien gaien artean etxebizitza eta lana nabarmendu ditu Etxenikek. “Donostia Euskal Herriko hiririk garestiena izaten jarraitzen du, eta langabezia nabarmen igo da gazteen artean; 2007an 5.927 langabe izatetik iaz 11.769 izatera pasa dira”. Hala, laguntza sozialak eskatzen dituzte gazteen erdiak baino gehiagok (%54,1), eta boskoitu egin da osasun beharrengatik eskatutako laguntza sozialen kopurua.
Etxebizitza eskuratzeko orduan, %83ak alokairu eredua babesten du, eta %55,8ak uste du Donostian ez dagoeka bere premiekin eta aukera ekonomikoekin bat egiten duen etxebizitzarik. Etxenikeren esanetan, arrazoi nagusia garestiegiak izatea da.
Adinen araberako ikerketa
Ikertutako biztanleen adin tartea horren zabala izanik, taldekako eskaera eta beharrak zehaztu dituzte diagnostikoan. 0-3 bitarteko haurren inguruan datuak jasotzeko gurasoak elkarrizketatu dituzte, hiriaren inguruan duten ikuspegia jasoz. Tarte horretan umeak zaintzeko denbora falta nabarmendu dute gurasoek, eta hiria seguruagoa izatea eskatu dute.
Datu aipagarrienak 16-30 urte bitarteko tartean artera dituzte. Hala, diagnostikoaren arabera, gazteen %86 gurasoen etxean bizi dira. Ikerketak ez du zehazten 22 eta 30 urte bitartekoen egoera.
Bestalde, aldatzen ari dira familia ereduak. 2001ekin alderatuta, %20 jaitsi dira seme alabak dituzten bikoteak, eta guraso bakarrarekin bizi diren gazteak %18,3 dira.
Proiektuak sortzeko tresna
Helburua biztanleriaren zati horrek hiriaren errealitateaz duen ikuspegia ezagutzea da Gazteria zinegotzi Naiara Sampedroren esanetan: “Inkestetan denetik galdetu dugu, mota guztietako datuak jasotzeko: biztanleria, familia ereduak, tradizioak, euskara, etxebizitza, lan merkatua, diru-laguntzak, mugikortasuna, kirola, eta elkartegintza, besteak beste”. Aurretik hirian ez da halako analisirik egin, eta jasotako datuekin proposamen eta proiektu berriak aurkeztuko dituzte laster. “Gazteen egoeraren ezagutzeko abiapuntu moduan erabiliko dugu diagnostikoa, etorkizunean proiektuak sortzeko tresna erabilgarria izango baita”. Horrela, udalak 2016-2020 urteen bitarteko gazte plana jarriko du martxan, eta besteak beste, kontuan hartuko ditu gazteen emantzipazio eta autonomiarako sustapena, bizi kalitatearen hobekuntza eta gizarte kohesioa.
Diagnostiko osoa, 210 orrialdekoa, abenduan aurkeztuko dute. Dena den, dagoeneko eskuragarri dago [ilink url=”http://www.donostia.org/home.nsf/0/7DFABF7D72FDC2E5C1257D940047F145?OpenDocument&idioma=eus&id=A337696″]udaleko webgunean.[/ilink]