Iazko Movember festaren irudia, Bizipoza dendan. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Movember mugimenduaren aldeko bisita gidatu bat egingo dute bizikleta gainean.
Bibotea hazten uzteko hilabetea da azaroa edo Movember, mugimendu honetako kideek deitzen dioten bezala. Gizonen osasunari «aurpegia aldatzeko» eta prostatako minbiziaren alde jendeak kontzientzia hartzeko sortutako kanpaina da. Bibote deigarrien bidez, jendearen arreta bereganatu, eta kanpainaz hitz egitea da helburua. Donostian jada lau urte daramate lanean, eta aurtengo azaroan ere zenbait jarduera prestatu dituzte biboteak harro erakutsi eta Movember mugimendua kalera ateratzeko. Joan den astean hasi ziren, hainbat lagun bizarra kendu eta bibote eder bat uztera animatu zituzten. Mario Maqueda bizarginak makina bat bibote mota daudela erakutsi zuen, argazki galerian ikus daitekeen bezala.
Ostiralean bizikleta gainera igoko dira Movember zaleak. Donostia berraurkitzeko bisita gidatu berezi batera gonbidatuko dituzte. Go Local San Sebastian enpresako arduradun Iñigo Ansak hiriko historiaren pasadizo batzuk eta hainbat bitxikeria kontatuko ditu Movember zaleek pedalei eragiten dieten bitartean. Ibilaldia doako bisita formatuan egingo dute, eta bukaeran, parte hartzaile bakoitzak nahi duen diru ekarpena egingo du. Ibilaldian jasotako diru guztia Movember mugimendura bideratuko dute.
Grosen elkartuko dira, Karkizano kaleko Bizipoza dendan, 19:00etan. Gurpilak puzteko aukera izango da bertan, eta 19:30ean abiatuko dira bertatik, ordu eta erdiko bisita gidatua egiteko. Ez da beharrezkoa bibotea izatea edo bibotea janztea, baina ziur bisita dibertigarriagoa izango dela bibotedunez betetzen bada. Helburua jendearen arreta bereganatzea eta kanpaina zabaltzea baita! Hileko azken asteburuan festa bat egingo dute, baina oraindik ez dute zehaztu non eta ze ordutan izango den.