Euren indarra karatearen bidez erakutsiko dute
Urritasuna duten pertsonen Nazioarteko VII. Karate Txapelketa jokatuko dute 40 kirolarik larunbatean, Anoetako Arte Martzialen Gunean.
Karatekaz beteko da Anoetako Arte Martzialen Gunea datorren asteburuan. Urritasuna duten pertsonen Nazioarteko VII. Karate Txapelketa jokatuko dute bertan, 40 kirolarik. Bera Bera kirol elkarteak antolatu du aurten ere lehia, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioarekin batera, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin. “Karatearen bitartez erakutsiko dute nola egon nahi duten gizartean. Urritasunak ez dira oztopo erronka berriak izateko”, aipatu du Bera Berako Jesus Muruak. Azken batean, aldundiko kirol zuzendari Asier Sarriegik aipatu duen moduan, kirola denei zabaltzea dute helburutzat. Txapelketa larunbatean izango da, 16:00etan, eta lehiez gain, Verdini dantza taldeak emanaldi bat eskainiko du.
Euskal Herriko zein Italia, Frantzia, Herrialde Katalanak eta Espainiako karatekek parte hartuko dute txapelketan. Tartean, Bera Berako bi kirolari arituko dira; baita Munduko Txapelketan hirugarren postua lortu berri duten Esther de Leon eta Victor Prieto ere.
Partaide gehienak down sindromea dutenak izango dira, baina, itsuak, gorrak, urritasun psikologikoak dituztenak eta anputazioren bat dutenak ere arituko dira. “2008an hasi ginen txapelketa antolatzen Bera Berarekin batera. Proposamena egin zigutenean gure erantzuna baiezkoa izan zen segituan. Urtez urte hobetzea izan da gure erronka eta lortu dugu, geroz eta partaide gehiago baititugu”, azaldu du Kirol Egokituen Federazioko Amaia Elizondok.
Kirol arloaz gain, txapelketak alderdi soziala duela azpimarratu dute antolatzaileek, eta Anoetara bertaratzeak mereziko duela aipatu du Jesus Muruak: “Zertarako gai diren erakutsi nahi diogu jendeari. Sekulako seriotasunarekin egiten dute euren lana eta izugarri trasmititzen dute; momentu bereziak bizitzen ditugu, dominak banatzean, esaterako. Badaude gainera, urritasunak ez dituzten karatekak baino hobeak diren gerriko beltzak”.