"Añorgatarrek ospatzen dugu, zu gurekin egotea"
http://youtu.be/KtzKAPLy7ak
Joakina Huizi añorgatarrak 100 urte beteko ditu asteartean, eta gaur Añorga Txikiko Kristau Elkarteak omendu nahi izan du.
100 urte ez dira egunero betetzen, eta are gutxiago Joakina Huizi añorgatarrak duen alaitasunarekin. 12:00ak baino pixka bat lehenago, Huizi prest zegoen kalera jaitsi eta Añorga Txikiko Kristau Elkarteak prestatu dion omenaldia jasotzeko. Baina omenaldia etxetik atera bezain laster hasi da. Izan ere, atarian, senideak ez ezik, auzotar ugari zituen zain, eta bertan aurresku bat eta lore sorta bat eskaini dizkiote.
Etxetik elizarako bidean, denon musuak eta zorionak jaso ditu, eta txistularien musikarekin batera sartu da Añorga Txikiko Jesukristo Askatzaile elizan. Mezan Joakinaren izena behin eta berriro aipatu dute, andrearen umorea, bizitzeko gogoa eta indarra nabarmenduz.Amaieran, oroigarri eta opariekin batera, kandelak itzaltzeko parada ere izan du eta Joxan Agirretxek idatzitako bertso batzuk kantatu dizkiote: …Añorgatarrek ospatzen dugu, zu gurekin egotea. Zu zara gure lorea, guztiontzat ohorea, ta zuk ehungarren urtea… Mezaren ostean, eta eguraldi ona lagun, elkartu diren ehun pertsona baino gehiagok Kristau Elkarteak prestatu dituen pintxoak dastatu dituzte.
Joakina Huizik 100 urte beteko ditu asteartean, hilaren 25ean, eta egun horretan ere auzotarrek omenduko dute, 19:00etan.
Gaur jaso duen omenaldia baino lehen, IRUTXULOKO HITZAk añorgatarra elkarrizketatzeko aukera izan du. Bere bizitzaren inguruko istorioa datorren ostiraleko astekarian, hilaren 28an, argitaratuko dugu.