Egokitutako zabor ontzietan “gabezia handia” dagoela adierazi du EAJko zinegotzi Aitziber San Romanek. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
Zailtasun fisikoak dituztenek eta adineko hiritarrek zaborra ateratzeko eta birziklatzeko arazoak dituztela salatu du EAJko zinegotzi Aitziber San Romanek.
EAJk mozioa aurkeztu du gaur, Donostiako auzo guztietan edukiontzi irisgarriak jarri ditzaten eskatzeko. arazo edo ezgaitasun fisikoak dituztenek eta adineko pertsonek zaborra ateratzeko zailtasunak dituztela salatu du EAJko zinegotzi Aitziber San Romanek, eta hirian bakarrik halako 36 edukiontzi daudela gogora ekarri du: “Duela sei hilabete antzeko mozioa aurkeztu genuen, eta udala ados agertu zen eskaerarekin. Baina ordutik ez da ezer egin. Badirudi ezintasun fisikoak dituztenek eta adinekoek ez dutela zaborrik sortzen, eta zer esanik ez birziklatzerako orduan”.
San Romanen esanetan, ahaztuta dago hiritarren zati handi bat. “Ez gara konturatzen hiriko hainbat pertsonek zaborra ateratzeko duten zailtasunez. Askorentzat ezinezkoa da hankarekin palanka zapaldu eta zaborra gora jaurtitzea”. Hirian 65 urtetik gorakoak 16.000 direla gogora ekarri du zinegotziak, eta horietatik 6.700 85 urtetik gorakoak direla zehaztu du: “Ez dugu esaten edukiotzi guztiak egokituak izan behar dutenik, baina auzo guztiek behar dituzte halakoak”.