Mikel Zabalza omenduko dute Altzan
29 urte dira auzoko gaztea hilik agertu zela. San Martzial plazan egingo diote omenaldia igandean, 13:00etan.
1985eko azaroaren 25eko gauerdia pasata atxilotu zuten Altzan Mikel Zabalza, eta hura izan zen haren senideek bizirik ikusi zuten azken eguna. Bere bikotekidea, bere lehengusu bat eta bi lagun ere atxilotu zituzten. ETAko kideei mugalari lanetan lagundu izana leporatzen zieten. Bi anaia ere hartu zituzten Orbaitzetan, Zabalzaren jaioterrian.
Mikel Zabalzaren gorpua hogei egun ondoren agertu zen, Endarlatsa inguruan, tortura zantzuekin. Bilaketa lanak bertan behera utzi zituzten abenduaren 14an, eta hurrengo egunean aurkitu zuen gorpuak Guardia Zibilak, jada arakatuta zegoen eremu batean.
Intxaurrondoko kuartelean egon zirenek torturak jasan izana eta Mikel Zabalzaren oihu larriak entzun zituztela salatu zuten. Zantzu guztien arabera, baineran burua sartuta egin zizkioten galdeketetan hil zen Zabalza. Aste batzuk lehenago apendizeko ebakuntza egin zioten eta oraindik ahul zegoen. Zabalza ez beste guztiak libre eta kargurik gabe geratu ziren. Familiak ez zuen Zabalzaren berri izan, eta lanera joan ez zela ikusita, haren bila hasi ziren. Hiri barneko autobus gidaria zen Zabalza. Familiak komisaldegira deitu zuen eta bertan ez zekitela ezer esan zioten. Are gehiago, galdutako objektuak berreskuratzen diren bulegora jotzeko. Elkarri-k bere webgunean jaso zuen Amaia Zabalza arrebaren testigantza.
Bertsio ofizialaren arabera hiru guardia zibilek tunel batetara eraman zuten zulo bat erakuts zezan. Ihes egitea lortu eta eskuak lotuta zituela bere burua Bidasoa ibaira bota zuen alde egiteko asmoz; eta bertan ito zen. Baina Bartzelonako bi egunkarik Intxaurrondoko Guardia Zibilen deia jaso zuten Zabalza torturapean hil zela berri emanez. Egun batzuk geroago, Deia kazetak gauza bera zioen nota bat jaso zuela baeiztatu zuen.