Auzoetan ere kontsultak egitea ahalbidetuko du erreglamendu berriak .(Argazkia: Lide Ferreira)
Udalaren gastuen inguruan bozkatu ahal izatea eskatu du PSEk, eta udalbatzarrari legitimotasun handiagoa ematea nahi du EAJk.
Datorren abenduko udalbatzarrean landuko dute Hiritar Kontsulten Araudia, eta gaur, zuzenketak aurkezteko azken egunean alegia, azken ukituak aurkeztu dituzte PSE-EEk eta EAJk. Bi alderdiak kontsulta herritarren alde agertu dira, eta erreglamenduaren berriketa bermatu dute. Dena den, biek proposamenak egin dituzte abenduko udalbatzarrari begira.
PSE-EEko zinegotzi Ernesto Gasco. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
PSE-EEko zinegotzi Ernesto Gascok gogora ekarri du 2007an onartutako hiritarren parte hartzerako araudia, eta 16 urtetik gorako hiritarrek parte hartze aktioagoa izatearen alde agertu da. Dena den, posta bidezko bozketa egiteko aukera gehitzea proposatu du, eta baita kontsulta kopurua urtean gehienez behin izatea ere: “Bilduk egun ugariko bozketa proposatu du, baina gure ustetan hobeto da kontsultak egun bakarrera mugatzea, eta egun horretan planteatutako gai guztiak jorratzea. Garrantzitsua da hiritar denek bozkatzeko aukera izatea, eta horretarako posta bidezko bozketa gehitu behar da”. Gascoren esanetan, ez litzateke zilegia hauteskunde urtean kontsultak egitea, eta oinarrizko eskubideen inguruko kontsultak ez onartzeko eskatu du. Horrekin batera, Diru kontuen inguruan aldaketa proposatu du zinegotziak, eta udalak egiten dituen gastuen inguruan galdetzeko aukera zabaltzeko eskatu du: “Guretzat zilegi da herritarrek erabakitzea zertan inbertitzen duen udalak”. Azkenik, erabakiak batzarraren gehiengoak hartzea babestu du, eta kontsulta egiteko gutxiengo firma kopurua %5 izatea proposatu du, %8 auzo kontsulta baldin bada.
EAJko zinegotzi Juan Ramon Viles. (Argazkia: Ane Urrutikoetxea)
EAJk ere batzarrreko gehiengoaren indarra babestu du aurkeztutako 17 zuzenketen artean. Batzarrak legitimotasun handiagoa izan beharko luke Juan Ramon Viles EAJko zinegotziaren arabera, eta gizarte kontseilua berreskuratzea ere proposatu du: “Ez ditugu nahastu behar 2007ko herri parte hartzearen araudia eta oraingo Hiritarren Kontsulten Erreglamendua. Herritarren parte hartze handiagoaren alde gaude, baina garrantzitsua da parte hartze hori zuzen arautzea. Horregatik, gutxiengo firma kopurua erroldatuen %10 izatea proposatzen dugu, eta ez Bilduk proposatu duen %4a”.
Talde politikoen onespenarekin (PP ezik beste guztiak alde daude), abenduaren 18an behin betiko onartua egotea espero du udalak. Orain arte hiru saio egin dituzte, araudi zirriborroari ekarpenak eta aldaketak egiteko. Azken saioa joan duela bi aste egin zuten. Bertan, udal gobernuak Tokiko Gobernu Batzordean onartutako behin betiko testua aurkeztu zien gainerako taldeei.