Mikel Zabalzak bizirik jarraitzen du altzatarren memorian
http://youtu.be/uuLOHxLL40I
Auzoan omenaldia egin diote, haren heriotzaren 29. urtemugan.
Ez dute ahaztu nahi 1985eko azaroaren 26an gertatutakoa. Mikel Zabalza bizirik ikusi zuten azken eguna izan zen hura. Guardia Zibilak atxilotu egin zuen, eta bere gorpua hogei egun ondoren agertu zen, Endarlatsa inguruan, tortura zantzuekin. Bere bikotekidea, bere lehengusu bat eta bi lagun ere atxilotu zituzten egun berean, eta guztiek salatu zituzten tortura bortitzak. Intxaurrondoko kuartelean egon zirenek torturak jasan izana eta Mikelen oihu larriak entzun zituztela salatu zuten. Hala nola, poliziek urduri “oso larri dago, joan egingo da” esaten zuten bitartean, esku-ohe batean etzanda estalitako gorpu bat ikusi zutela baieztatu zuten.
Atzo igandean, Mikel Zabalzari omenaldia egin zioten auzoan, San Martzial plazan. Hainbat auzotarrek eta Zabalzaren senideek ere hartu zuten hitza ekitaldian. Auzotar batek azaldu zuen nola mobilizatu ziren altzarrak: “Berarekin batera atxilotuak izan zirenen testigantza entzun eta gero, Joxe Arregi kasu baten aurrean geundela pentsatu genuen. Haren desagerpena salatu eta sindikatu, alderdi politiko eta auzo elkarteengana joan ginen hura zabaltzeko. Herreran errepidea eta trenbidea ere mozten genuen protesta gisa. Egin-era gutunak bidali genituen. Mikelen lankideek (Donostiako autobus konpainiako langilea zen) grebak eta manifestazioak egin zituzten. Autobusak okupatu eta pankartaz josi zituzten. ‘Gobernador, Mikel non dago?’, galdetzen zuten”. Euskal Herri osoan Mikel Zabalzaren desagerpena salatzeko mobilizazio haniakegin zirela gogora ekarri dute, eta guztiak bortizki zapaluak izan zirela.
Mikel Zabalzaren tortura eta heriotzaren erantzukizuna dutenek egia zor dutela salatu dute omenaldian: “Egia zor diete Mikel Zabalzaren senideei, eta Euskal Herri osoari. Lasa eta Zabala filma ikusi dugunok, Mikel Zabalzarena ere ikusi dugu. Pertsonaia berberak. Galindo Elgorriaga, Barrionuevo eta Felipe Gonzalez. Horregatik bizirik mantendu behar dugu atzoko eta gaurko torturatuen memoria. Bakea ezin da gezurra eta inpunitatearen gainean eraiki”. San Martzial plazan Mikel Zabalzaren omenezko eskultura eta plaka bat jarri zuten auzotarrek, “ez dugulako ahaztu nahi”.
Bideoa: Eskunabarrak