Aritz Sorzabal: 'Beldur naiz'
Bakearen Usoak agur esango dio laster Amara Berriko Aita Donostia plazari, urte bukaerarako Saguesera eramango baitute. Eta ni beldur naiz, gauez, txanoa buruan, oposizioko kideren batek ez ote duen eskultura Amarara itzuliko, itsasertzean egokitzen dutenean.
Bilduk proposatu zuen eskultura lekuz mugitzea, eta dagoeneko hasi dira horretarako lanak. PPko bozeramaile Ramon Gomezek, baina, bere desadostasuna azaldu du, eta horrek ematen dit beldurra, oposizioko kideak edozertarako prest baitaude, are eta gehiago hauteskunde garaian. Urtarrilaren 26an, Denis Itxasok eta Odon Elorzak egin zutenagatik nago horren mesfidati. Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko hautagaiak onartu du, alkate ohiaren ekimenez, eta bi zinegotzi ohien laguntzarekin, Igeldon AHTaren aurka jarrita zegoen leloa eurek kendu zutela, gauez, euritako txanoak buruan, bertan estalitako ikurra ikustarazteko; Donostia 2016 hiriburutzaren aldekoa, alegia. Mendira jo zuten PSE-EEko kideek, «harro», Itxasok berak esan bezala. Ramon Gomez gutxiago izango al da? Ziur naiz Maria San Gil prest duela laguntzeko.