‘DSS 2016’ EU jartzen zuen lekuan ‘AHT TAV ez’ leloa jarri zuen Mugitu!-k. Handik egun gutxira, pankarta kendu zuten. (Argazkia: Mugitu!)
Abiadura handiko trenaren kontrako kartel handi bat eskegi zuen Mugitu!-k Igeldon urtarrilean, Donostia 2016 egitasmoaren ikurra zegoen lekuan. Bada, SER irratian egindako adierazpenetan, Gipuzkoako ahaldun nagusi izateko PSE-EEren hautagai eta Donostiako Udaleko zinegotzi Denis Itxasok onartu du berak, Odon Elorza alkate ohiak eta Jorge Letamendia eta Alberto Rodriguez zinegotzi ohiek kartela kendu zutela, egun batzuk geroago.
Hain zuzen ere, Itxasok azaldutakoaren arabera, urtarrilaren 26an igo ziren mendira, gauez, euritako txanoa buruan zutela. Odon Elorzari bururatu zitzaion kartela kentzea, “eta nik bat egin nuen”, aitortu du Itxasok. “Gaua zen, eta hotz egiten zuen”, esplikatu du ahaldun nagusi izateko hautagaiak. “Odoni bururatzen zaizkion ideia horietako bat izan zen”, berretsi du, eta egindakoarekin “harro” dagoela onartu du. “Uste dut egin beharra zegoela, eta harro nago bertan zegoen ikurra berriro ikustarazteagatik”, erantsi du.