Juan Mari Beltran, Elkar Megadendaren kanpoaldean. (Argazkia: Lide Ferreira)
Hots-Larretan izenburupean, Juan Mari Beltranek bere lan berria aurkeztu du gaur, Parte Zaharreko Elkar Megadendan. Diskoak euskal musikaren tradizioan historia duten instrumentuak eta kanpoko doinuak berreskuratzen ditu. Txirula oinarrizko melodia eta erritmoa duten hemezortzi pieza biltzen ditu, eta hots ugariren ibilbide bat kontatzen du, egunsentitik hasita gauera bitarte. Beltranez gain, beste hainbat musikarik ere parte hartu dute proiektuan: Errege Belda (akordeoia), Ander Barrenetxea (txalaparte, perkusioa eta ahotsa), Aitor Beltran (txalaparta, harmonika, perkusioa eta ahotsa), Pello Ramirez (txeloa), Mikel Irazoki (baxua), Andoni Antzizar (trikitixa), eta Gema Ines (gitarra eta ahotsa).
Beltranek berak azaldu duenez, Donostiako Hamabostaldiak egindako eskariarekin abiatu zen proiektua. Emanaldi berri bat nahi zutela esan zioten, eta horretan oinarrituta, kontzertua prestatzeaz gain,
Hots-Larretan diskoa plazaratu du. “Hotsen festa da, egunsentian hasi eta gauen bukatzen dena. Gure inguruko txoko eta landetan sortutako hots, doinu eta kantuetan oinarriturik, musika, dantza, jolasa eta hitzen arteko topaketa bat izan nahi du”. Gehienak berriak diren arren, bi kanta aurretik egindakoetatik berreskuratu dituzte: Gasteizeko kobazulo batzuetan egin zuten grabazio bat hartu dute, “bizitzaren taupadarekin bat zetorrelako”; eta udako solstizioan Txillida Lekun eskultura batekin sortutako hotsekin egin zutena.
Hambostaldiak eskatutako emanaldiak diskoaren izen bera du, baina aurkezteko moduak zenbait desberdintasun ditu. Dantza, adibidez, oso presente dago, eta horretaz Kukai Dantza taldea arduratuko da. Andoni Salamerok ahotsa jarriko du, eta olerkiak errezitatuko ditu. Kontzertua 2015eko maiatzaren 9an eskainiko dute, Kursaalen.