Kale animazioan eragin du udalak San Tomas egunerako
Abenduaren 21a igandea izango denez, bisitari ugari espero dituzte arduradunek, eta sekula baino postu gehiago jarriko dituzte, 235 guztira.
Egitarauari begira, aurtengo berritasunak aipatu ditu Txapartegik. Batetik, Trinitate plazan paxaka partidak jokatuko dituzte, bai emakumezkoek bai gizonezkoek, 10:00etatik 14:00etara. Bulebarra, herri kirolen gunea izango da, eta giza proban arituko dira bai emakumezko bai gizonezkoak ere, 11:30ean. Okendo plazako ohiko abere erakusketa 10:00etan irekiko dute, eta behiek emango dute ukitu berezia. Izan ere, bertako baserrietan hazitako hainbat arrazatako behiak erakusgai jarriko dituzte: piriniarrak, frisiarrak, limousin arrazakoak eta blondak.
Aurtengo jaiak ingurumena kontuan hartuko du hainbat arlotan. Hala, 55.000 edalontzi berrerabilgarri banatuko dituzte, txistorra postuetan olioa biltzeko bidoiak jarriko dituzte, sekula baino komun ekologiko gehiago egongo dira erabilgarri eta garraio publikoaren zerbitzua hobetuko dute.
Udalaren Hemen ere euskaraz kanpainak ere bizirik iraungo du San Tomas egunean. Hala, postuetan lelo hori daraman pegatinak jarriko dituzte, berezoek euskaraz zerbitzatuak izango direla jakiteko.
Auzoetan ere jaia
Erdialdea eta Parte Zaharra izan dira urte luzez San Tomas eguneko jaiaren erdigunea. Grosen ere, ordea, 24 urte daramatzate azoka egiten, eta pixkanaka auzo gehiagotara zabaltzen ari da jaia: Ibaeta (abenduak 14), Morlans (abenduak 20), Amara Berri, Amara Zaharra, Gros, Loiola, Antigua eta Larratxo. Antiguaren kasuan, esaterako, Etiopia Utopia fundazioa arduratu da jaia antolatzeaz, eta hiriaren erdialdeko postu batzuek ere postu solidarioa izango dute.
Herritarrak baserritarrez jantzi eta ongi pasatzera deitu dituzte udal ordezkariek. Hori bai, alkoholarekin eta harremanekin tentuz ibiltzeko eskatu gabe; azken batean, alkateak esan duen moduan, “ondo pasa, pasatu gabe”.
“Hiria azoka handi bat bihurtzen da, eta denon artean giro aparta sortzen dugu”. Halaxe azaldu du San Tomas eguna Juan Karlos Izagirre alkateak, gaur goizeko prentsaurrekoan. Horrekin batera, ohitura nondik datorren gogorarazi du: “Baserritarrak kalera jaisten ziren, euren lurren jabeei errenta ordaintzera. Horren aitzakian, egunpasa egiten zuten, eta jai eguna ospatzen zuten gabonen atarian”. Halaxe, aurten ere hiriak San Tomas azoka ederraz gozatzeko aukera izango du; gainera, igandez izango da jaia, eta bisitari ugari espero dituzte udal arduradunek: “Jende ugari espero dugu, eta bereziki kalean eragin nahi dugu”, azaldu du Nerea Txapartegi udaleko Kultura arduradunak. Beraz, ohiko musika emanaldi, bertsolari, haurrentzako tailer eta dantza emanaldiez gain, hainbat musika eskoletako trikitilariek kalea girotuko dute. Gainera, sekula baino postu gehiago jarriko dituzte, 235 guztira, iaz baino 25 gehiago; artisautza, gastronomia zein lore postuak. Edonola, argi dago txerria izango dela betiko legez jaiaren protagonista nagusia. Leitzako Arro baserritik iritsiko da Maikrux abenduaren 21ean, 360 kilo ingururekin, eta Konstituzio plazan ipiniko dute ikusgai, goizeko zortzietatik gaueko zortzietara.